Berriak
GOTZON EMBIL UNANUE PRESIDENTEAREN ADIERAZPENA
Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzatik (EEPF) eta bereziki nik, Gotzon Embil Unanuek, lehendakari gisa, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Xavier Cazaubon Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko (NEPF) presidenteari, bere zuzendaritza-batzordeari eta NEPFko Batzarreko kideei, zeintzuk, gehiengo argiarekin, euskal pilotaren nazioarteko erakunde prestigiotsu honetan eskubide osoko kide izateko eskaera onartu duten.
Gure alde egin duten federazioei, bereziki ibilbide nabarmena duten Frantzia, Mexiko, Argentina eta Venezuelari, eta NEPFko gainerako kideei ere, EEPF espero den mailan egongo dela adierazi nahi diegu. Nazioartean euskal pilotaren garapenaren alde lan egiteko konpromisoa hartu dugu gure izena daraman kirol hau sustatuz eta bere modalitate ezberdinak indartuz.
EEPFk behin baino gehiagotan adierazi du Espainiako Pilota Federazioarekin (EPF) lankidetza eraikitzaile bat ezartzeko borondatea, kirolarien eta euskal pilotaren garapen integralaren mesedetan. Hala ere, biziki sentitzen dugu Julian García Angulo jaunaren lehendakaritzapean lankidetza hori gauzatu ez izana, agerian geratu baita, lehiaketa egutegi bateratu bat izateko interes gutxi izan duela, eta horrek arazoak sortu ditu pilotariengan, bi federazioek antolatutako txapelketetan parte hartzea zaildu duelako. Nabarmentzekoa da EEPFk beti errespetatu duela euskal lizentzia duten pilotariek EPFk antolatutako txapelketetan parte hartzeko duten eskubidea, bai eta Espainiako pilota selekzioan parte hartzekoa ere, aukera horiek, pilotariak banaka hazteko eta kirola oro har indartzeko balio dutela aitortuz. Hala ere, EPFk ez dio informaziorik eman Federazio honi bere txapelketen egutegiei buruz, ez eta Espainia ordezkatzeko deituak dauden EEPFk jaulkitako lizentzia duten pilotarien zerrenda ere eta hori kaltegarria iruditzen zaigu kirol-jarduera behar bezala planifikatzeko eta sustatzeko.
Orain, NEPFko eskubide osoko kide garen aldetik, EPFrekin elkar bizitzeko eta lankidetzan aritzeko borondatea berresten dugu, betiere kirol hau bere modalitate guztietan indartzeko helburu komunarekin. EEPFtik, pilotarien formakuntza eta garapenaren alde lan egiten jarraituko dugu, gure selekzio propioak eratuz eta pilotariek selekzio horietan sartzeko duten askatasuna errespetatuz.
Ziur gaude, EEPFren eta EPFren arteko lankidetza posible izateaz gain, onuragarria ere badela euskal pilota osoarentzat. NEPFn sartzea urrats historikoa da, pilotariek eta euskal gizarteak nazioarteko ordezkaritza propioa izateko duten desio legitimoa islatzen duena eta ospe handiagoa eman diezaiola hain maitatua eta hain tradizio handikoa den kirol honi.
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiogu NEPFri berriz ere eta bere printzipio eta jardueren defentsan gure babes osoa adierazi nahi diogu. Mugarri historiko honek, EEPF sendotzeaz gain, euskal pilotaren nazioarteko proiekzioa indartzen du, bai eta haren praktikaren eta sustapenaren inguruan komunitateak batzeko gaitasuna ere.
GOTZON EMBIL UNANUE
EUSKADIKO EUSKAL PILOTA FEDERAKUNTZA