Berriak

23urr
BIGARREN URREA: DE ANTA ETA ELKORO, TRINKETEKO PARAPILOTAKO MUNDUKO TXAPELDUN Kirola

BIGARREN URREA: DE ANTA ETA ELKORO, TRINKETEKO PARAPILOTAKO MUNDUKO TXAPELDUN

Gaubeka eta Ibañez, pala motzeko finalera; eta laugarren postua xarean. Ostiralean, bost final.

Euskal Pilota Selekzioak bigarren urrea lortu du FIPVren XX. Munduko Txapelketan. Edorta De Anta eta Germán Elkoro trinketeko parapilotako munduko txapeldun izendatu dira, finalean Frantzia mendean hartuta. Jardunaldi berean, Esteban Gaubeka eta Imanol Ibañez pala motzeko finalerako sailkatu dira, eta xareko bikoteak laugarren postuan amaitu du.

Parapilota: munduko txapeldun

Edorta De Antak eta Germán Elkorok 15-10 eta 15-9 irabazi diete Navarro eta Cabanne frantziarrei. «Hasieratik oso ondo sartu gara partidan, gure erritmoa ezarriz: aurrean asko asmatu dugu errematean, frailea eta sarea bilatuz, eta atzean oso sendo aritu gara, akats gutxi eginez. Gure helburua, batez ere, jokoa aurrelariari kargatzea zen, atzelariak hainbeste parte har ez zezan; eta, parte hartuz gero, eskuina bilatzea. Horrela irabazi dugu lehen seta, beti aurretik joanda. Bigarrenean akats batzuekin hasi gara, baina hutsartea eskatu dugu, erreakzionatu egin dugu eta tanto bolada garrantzitsua lortu dugu; aurretik jarri gara eta partida itxi dugu, munduko txapeldun izateko», azaldu dute.

Trinketeko harmailetan giro ikusgarria izan da: ordezkaritza osoa euskal bikoteari babesa ematen aritu da, eta denek elkarrekin ospatu dute titulua.

Pala motza: finalera

Esteban Gaubekak eta Imanol Ibañezek nagusitasunez irabazi diete Perez eta Rafa estatubatuarrei, 15-8 eta 15-4. Estatu Batuek oso joko ezohikoa dute pala motzean: pilotak ezohiko efektuak hartzen ditu, eta oso zaila da haien aurka jokatzea. Lehen seta ziurgabetasun horretan jokatu da, tanto zoroekin eta efektu bitxiko errebesarekin, baina Gaubekaren eta Ibañezen esperientzia lagungarri izan da nahiko eroso irabazteko (15-8). Bigarrenean, bete-betean sartuta, 5-2 jarri dira. Une horretan, Estatu Batuek aurrelari aldaketa oso bitxia egin dute: pilotariak ez zuen kantxa utzi nahi, eta, hiruzpalau minutuko tentsioaren ondoren, ordezkatu egin dute. Gero, euskal bikoteak, oso kontzentratuta, set bikaina egin du (15-4). Larunbatean Espainiaren aurka jokatuko dute finala; multzoen fasean ere irabazi zioten.

Xarea: laugarren postua, burua tente

Oier Iturbek eta Markel Mujikak galdu egin dute brontzezko dominaren partida Correa eta Gil argentinarren aurka, 12-15 eta 10-15. Lehen jokoa oso parekatua eta bizia izan da, baina akatsek baldintzatu dute. Euskal bikotea 10-9 aurretik zela, argentinarrek hutsartea eskatu dute, eta oso sendo itzuli dira markagailua iraultzeko (12-15). Bigarrenean, Argentina nagusi izan da hasieratik. 1-4 galtzen ari zirela, Xuban Lopetegi Mujikaren ordez sartu da, eta Iturbe atzean jokatzen hasi da. Euskaldunek hamarna berdindu dute, baina Argentinak ia hutsik egin gabe eutsi dio, eta une erabakigarrietako hiru akats txikik partida itxi dute (10-15).

Azkenean, laugarren postua xarean, baina emandako itxurarekin pozik. Kontuan hartu behar da bikoteak txapelketa hasi baino 15 egun lehenago jakin zuela parte hartu ahal izango zuela. Ia prestaketarik gabe, euskal pilotariek maila aparta eman dute espezialitate honetako munduko onenen aurka. Zorionak¡

Ostiralean, bost final

Bihar, urriaren 23an, Euskal Pilota Selekzioak bost final jokatuko ditu: eskuz banaka eta eskuz binaka Espainiaren aurka, ETB1ONen zuzenean; banakako zesta-puntan, emakumezkoek Espainiaren aurka eta gizonezkoek Frantziaren aurka, ETB1en zuzenean; eta emakumezkoen gomazko paletan (30 m), Espainiaren aurka. Larunbatean pala motzeko finala jokatuko da Espainiaren aurka, 36 metroko frontoiko parapilotakoa Frantziaren aurka eta gizonezkoen frontballekoa Mexikoren aurka; horiez gain, emakumezkoen frontballeko hirugarren eta laugarren posturako partida jokatuko da Venezuelaren aurka.

Jardunaldiko emaitzak

•  Parapilota (trinketea) · FINALA: Edorta De Anta eta Germán Elkoro (Euskadi) 2 – Navarro eta Cabanne (Frantzia) 0 (15-10, 15-9) · URREA

•  Pala motza · Finalerdia: Esteban Gaubeka eta Imanol Ibañez (Euskadi) 2 – Perez eta Rafa (AEB) 0 (15-8, 15-4)

•  Xarea · 3./4. postua: Oier Iturbe eta Markel Mujika / Xuban Lopetegi (Euskadi) 0 – Correa eta Gil (Argentina) 2 (12-15, 10-15)