Berriak
Kirola
BI GARAIPEN EUSKAL PILOTA SELEKZIOAREN ESTREINALDI MUNDIALEAN
Nagore Martínek eta Julen Alberdik irabazi egin dituzte euren partidak FIPVren XX. Munduko Txapelketaren lehen egunean. Gizonezkoen gomazko paletan, Mexikok Unai Sagarzazu eta Julen Loidi gainditu ditu.
Euskal Pilota Selekzioak hanka onez ekin dio bere lehen Munduko Txapelketa ofizialari: Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren (FIPV) XX. Munduko Txapelketa, Argentinan eta Uruguain jokatzen ari dena. Lehen jardunaldian, euskal selekzioak hiru partidetatik bi irabazi ditu.
Nagore Martínek faborito nagusia menderatu du
Estreinaldia historikoa izan da. Emakumezkoen gomazko paletan, 30 metroko frontoian, Nagore Martínek Maider Ardanaz espainiarra garaitu du. Ardanaz zen faborito nagusia: iaz Nazioen Liga irabazi zuen, Munduko Txapelketarako sailkapen-txapelketa, eta bertan Martínek brontzea lortu zuen.
Nagore oso ondo sartu da partiduan: arriskatu egin du, tanto asko egin ditu eta 10-6 aurreratu da. Ardanazek erreakzionatu eta 10-9ra hurbildu da, baina euskal pilotariak, oso sendo, 15-11 itxi du lehen seta. Bigarrenean aldatu egin da partida: Ardanazek estutu egin du eta, oso lehiatutako set baten ondoren, 8-15 eraman du. Hirugarren eta azken setean, Martín oso kontzentratuta aritu da, tanto bakoitza borrokatu du, 8-4 aurreratu da eta 10-4 itxi du partida.
Julen Alberdiren erakustaldia frontballean
Zizurkildar Julen Alberdik, Munduko Txapelketa absolutu batean estreinatzen zenak, hasieratik bukaerara menderatu du Andoni Larzabal frantziarra gizonezkoen frontballean. Lehen tantoak luzeak eta borrokatuak izan dira, baina denak Alberdiren alde erori dira, eta lehen seta 10-0 argi batekin eraman du. Atsedenaldiaren ondoren, Larzabal bere jokoa aldatzen saiatu da, baina euskal pilotariak ezin hobeto erantzun du: hasierako 1-1aren ondoren, bederatzi tanto jarraian egin ditu eta 10-1 itxi du partida.
Porrot duina Mexikoren aurrean
Gizonezkoen gomazko paletan, 30 metroko frontoian, Euskal Pilota Selekzioak Mexiko izan du aurkari, urrerako faborito nagusia, han gehien praktikatzen den modalitateetako bat baita. Unai Sagarzazuk dena eman du lehen setean, korrika egin eta pilota guztiak defendatu ditu, baina ezin izan dio Molinari eutsi (3-15). Edu Lobato hautatzaileak aldaketa egin eta Julen Loidi atera du kantxara, eta Mexikok ere pilotaria aldatu du: Olvera atera da bigarren setean. Bere joko gogor eta azkarrarekin, Loidi markagailuan aurretik ibili da setaren hasieran eta ezustekoa ematear egon da, tanto oso borrokatuetan. Azkenean, Olverak 10-15 irabazi du seta, eta Mexikok erakutsi du zergatik den urrerako faborito nagusia.
Lehen jardunaldiko bi garaipenekin, Euskal Pilota Selekzioak argi utzi du munduko selekzio onenen aurka lehiatzeko prest iritsi dela Munduko Txapelketara.
Jardunaldiko emaitzak
• Emakumezkoen gomazko paleta (30 m): Nagore Martín (Euskadi) 2 – Maider Ardanaz (Espainia) 1 (15-11, 8-15, 10-4)
• Gizonezkoen frontballa: Julen Alberdi (Euskadi) 2 – Andoni Larzabal (Frantzia) 0 (10-0, 10-1)
• Gizonezkoen gomazko paleta (30 m): Unai Sagarzazu eta Julen Loidi (Euskadi) 0 – Molina eta Olvera (Mexiko) 2 (3-15, 10-15)