Berriak
Kirola
HELENA BARRENETXEA ETA ARGOITIA, EUSKAL HERRITIK MUNDURA AMPO TXAPELKETAKO ZESTA-PUNTAKO TXAPELDUN
Burgeluk emakumezkoen eta gizonezkoen banakako finalak hartu ditu, Euskal Pilota Selekzioaren txapelketa ikusgarri eta garrantzitsuari amaiera emanez.
Gaur arratsaldean jokatu dira Burgelun Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako emakumezkoen eta gizonezkoen banakako zesta-puntako finalak. Bi final horiekin amaiera eman zaio Euskal Pilota Selekzioak antolatutako txapelketa ikusgarri eta garrantzitsuari.
Burgeluko herritarrek zesta-puntaz gozatzeko aukera izan dute, herrian ikustea ohikoa ez den Euskal Pilotako modalitatea gertutik ezagutuz. Zaleek abiadura, indarra eta tanto ikusgarriak izan dituzten bi final jarraitu ahal izan dituzte.
Helena Barrenetxea, emakumezkoen banakako txapeldun
Emakumezkoen finalean txapelketako bi pilotari onenak aritu dira aurrez aurre: Ihart Arakistain eta Helena Barrenetxea. Helenak bi jokotan lortu du garaipena, 4-15 eta 11-15eko emaitzekin.
Helena oso sartuta hasi da lehenengo jokoan, eta berehala 2-10eko aldea ireki du markagailuan. Partidaren kontrola izan du hasieratik, atzeko koadroetan pilota nagusitasunez sartuz eta aurrean tantoak eraginkortasunez amaituz.
Arakistainek erantzuten saiatu den arren, Helenak ez du jokoaren agintea galdu eta lehenengo jokoa 4-15 irabazi du.
Bigarren jokoa lehiatuagoa eta parekatuagoa izan da. Helena berriro aurretik jarri da, 2-6, baina Arakistain gero eta gehiago sartu da partidan eta seina berdintzea lortu du.
Hortik aurrera, bi pilotariek lehia estua izan dute, 7-7, 8-8, 9-9 eta 10-10eko berdinketekin. Une erabakigarrian, Helenak urrats bat egin du aurrera, eta azken tantoetan nagusituta 11-15 irabazi du bigarren jokoa.
Horrela, Helena Barrenetxea Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako emakumezkoen banakako zesta-puntako txapeldun bilakatu da.
Emakumezkoen banakako zesta-puntako emaitza:
🔴 Ihart Arakistain: 0 — 4, 11
🟢 Helena Barrenetxea: 2 — 15, 15
Argoitia nagusi gizonezkoen finalean
Gizonezkoen finalean ere txapelketako bi pilotari nabarmenenak izan dira nor baino nor gehiago: Argoitia eta Txanika. Argoitiak bi jokotan irabazi du finala, 15-10 eta 15-8ko partzialekin.
Lehenengo jokoan, Argoitia 10-6 aurreratu da, atzeko koadroetan pilota ondo sartuz eta aurrean aukera izan duen bakoitzean tantoak amaituz.
Txanikak ahalegin handia egin du eta bi pilotariek tanto lehiatu eta ikusgarriak eskaini dituzte. Hala ere, Argoitiak hasieran lortutako abantaila ondo kudeatu du eta lehenengo jokoa 15-10 irabazi du.
Bigarren jokoan, lehenengo jokoaren ahalegina nabaritu zaio Txanikari, eta nekeak eragina izan du haren jokoan. Egoera ikusita, Argoitiak tantoak gogortu ditu, aurkaria gehiago mugiaraziz eta partida bere erritmora eramanez.
Argoitiak joko sendoa egin du amaierara arte eta bigarren jokoa 15-8 irabazi du. Horrenbestez, Argoitia Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako gizonezkoen banakako zesta-puntako txapeldun izendatu da.
Gizonezkoen banakako zesta-puntako emaitza:
🔴 Argoitia: 2 — 15, 15
🟢 Txanika: 0 — 10, 8
Euskal Pilota Selekzioaren txapelketa handi bati amaiera
Burgeluko finalekin amaitu da Euskal Pilota Selekzioak antolatutako Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketa. Txapelketak Euskal Pilotako hainbat modalitate eta espezialitatetako pilotari onenetako batzuk Euskal Herriko hainbat herritara eraman ditu.
Jaialdiek Euskal Pilota Selekzioa herritarrengana hurbiltzeko, modalitate desberdinak ezagutarazteko eta Euskal Pilotaren maila eta aniztasuna erakusteko balio izan dute.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioak eskerrik beroenak eman nahi dizkie txapelketa hau gauzatzeko ezinbesteko laguntza eskaini duten udal guztiei, AMPO kooperatibari, pilotariei, hautatzaileei, antolakuntzan parte hartu duten Federazioko kide guztiei eta jaialdietara hurbildu diren zaleei.
Haien guztien laguntzari esker, Euskal Pilota Selekzioaren inguruan sortutako txapelketa ikusgarri eta garrantzitsu hau arrakastaz burutu ahal izan da.