Berriak

6eka
LANDETA-IBAI PEREZ ETA GAUBEKA-GORDON, EHtik MUNDURA AMPO TXAPELKETAKO ERREMINTAKO TXAPELDUN Kirola

LANDETA-IBAI PEREZ ETA GAUBEKA-GORDON, EHtik MUNDURA AMPO TXAPELKETAKO ERREMINTAKO TXAPELDUN

Sopelako pilotalekua jendez bete da Euskal Pilota Selekzioaren jaialdiaz gozatzeko; ikusleek bi final bizi eta ikusgarri jarraitu dituzte, ETB1en zuzeneko emanaldiarekin.

Gaur jokatu dira Sopelako pilotalekuan Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako erremintako finalak. Harmailak jendez lepo egon dira eta giro aparta izan da Euskal Pilota Selekzioko pilotariak ikusteko. Bertaratutako zaleek emozioz, lehiaz eta tanto ikusgarriz beteriko bi finalez gozatu ahal izan dute: Larruzko Paleta eta Pala Motzekoa.

Landeta eta Ibai Perez, Larruzko Paletako txapeldun partida ikusgarri baten ondoren

Larruzko Paletako finalak arratsaldeko partidarik parekatuena eta zirraragarriena eskaini du. Landeta eta Ibai Perezek hiru jokotan gainditu dituzte Madariaga eta Sierra, 14-15, 15-12 eta 8-10eko partzialekin.

Lehenengo jokoa Madariaga eta Sierra aurretik zirela hasi da, baina Landetak eta Ibai Perezek azken tantoetan markagailuari buelta ematea lortu dute, 14-15 nagusituz.

Bigarren jokoan ere bikote berdea indartsu hasi da. Madariagak eta Sierrak, ordea, ez dute amore eman, markagailua irauli eta 15-12 irabazi dute, finala hirugarren eta azken joko erabakigarrira eramanez.

Hirugarren jokoan bi bikoteek maila bikaina erakutsi dute eta Sopelako ikusleek sekulako tantoez gozatu dute. Seina berdindu ondoren, Landeta eta Ibai Perez 6-9 aurreratu dira. Madariagak eta Sierrak azken ahalegina egin duten arren, bikote berdeak 8-10 itxi du jokoa, eta Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako Larruzko Paletako txapela eskuratu du.

Larruzko Paletako emaitza:

🔴 Madariaga–Sierra: 1 — 14, 15, 8
🟢 Landeta–Ibai Perez: 2 — 15, 12, 10

Gaubeka eta Gordon nagusi Pala Motzeko finalean

Larruzko Paletako final bikainaren ondoren, Pala Motzeko txanda iritsi da. Gaubekak eta Gordonek bi jokotan irabazi diete Zubiri eta Olazabali, 15-7 eta 15-11ko emaitzekin.

Lehenengo jokoa oso parekatuta hasi da. Markagailua 6-4 zegoela, Erik Zubirik ziztada bat sentitu du bularraldean, eta eskuineko besoa normaltasunez erabiltzeko zailtasunak izan ditu. Hortik aurrera, ezkerrarekin jokatu behar izan du ia partida osoa.

Egoera horren aurrean, Gaubekak eta Gordonek partidaren kontrola hartu dute eta lehenengo jokoa 15-7 irabazi dute.

Bigarren jokoan, Zubirik, mugak izan arren, Olazabalekin batera sekulako ahalegina egin du. Bikoteak tanto ikusgarriak eskaini ditu eta markagailuan aurkariengana hurbiltzea lortu du. Hala ere, Gaubeka eta Gordon sendo aritu dira une erabakigarrietan, eta bigarren jokoa 15-11 irabazi dute.

Horrenbestez, Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako Pala Motzeko txapela Armintzara eta Sopelara joan da, Gaubeka eta Gordonen eskutik.

Pala Motzeko emaitza:

🔴 Gaubeka–Gordon: 2 — 15, 15
🟢 Zubiri–Olazabal: 0 — 7, 11

Sopelako pilotalekuak irudi bikaina eskaini du, harmailak beteta eta zaleak Euskal Pilota Selekzioaren inguruan bilduta. Giro apartak eta pilotariek erakutsitako mailak egun berezia osatu dute, ETB1ek zuzenean eskainitako jaialdian.