Berriak
EUSKAL HERRITIK MUNDURA AMPO TXAPELKETAK BIGARREN ASTEA OSATU DU
Paleta Larruz, Pala Motza, Zesta Punta Banaka eta Eskuzko modalitateetan jardunaldi berria jokatu da, eta sailkapenek forma hartzen jarraitzen dute.
Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketak bigarren astea osatu du. Euskal Pilota Selekzioaren prestaketa prozesuaren barruan kokatzen den txapelketak beste jardunaldi bizi bat utzi du Paleta Larruz, Pala Motza, Zesta Punta Banaka eta Eskuzko modalitateetan.
Erremintan, Paleta Larruzen, Landeta-Sierrak 2-0 irabazi diete Lopez de Muniain-Picheli, eta Madariaga-Ibai Perezek 2-1 gainditu dituzte Unda-Alkorta. Pala Motzan, Zubiri-Olazabalek 2-0 hartu dituzte mendean Murcia-Ceni, eta Gaubeka-Del Riok 1-2 irabazi diete Altuna-Gordoni.
Zesta Punta Banakan, emakumezkoetan Helena, Frida, Ihart eta Maite nagusitu dira bigarren astean. Gizonezkoetan, berriz, Arbe, Celaya, Argoitia eta Arrasate izan dira garaile. Sailkapenari dagokionez, Frida eta Ihart daude emakumezkoen multzoetako buruan, eta Argoitia eta Arrasate gizonezkoen multzoetako lehen postuetan.
Eskuzko txapelketan, Irribarriak eta Cestauk garaipen argiak lortu dituzte gizonezkoen banakakoan. Emakumezkoen 4 eta erdian, Arrizabalaga, Gaminde, Aldai eta Erasun nagusitu dira. Gizonezkoen binakakoan, Etxeberria-Garmendiak eta Murua-Elortzek irabazi dituzte euren neurketak.
Txapelketak datozen asteetan jarraituko du Euskal Herriko hainbat udalerritan. Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketaren helburua da Euskal Pilota Selekzioaren prestaketa indartzea, hautatzaileei pilotariak lehiaketa testuinguru errealean baloratzeko aukera emanez, 2026ko urrian Argentinan jokatuko den Munduko Txapelketari begira.