Berriak
GRABNI 2026 TXAPELKETA AURKEZTU DA BILBOKO BIZKAIA FRONTOIAN
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa eta Iparraldeko federazioek parte hartuko dute martxoaren 15ean hasiko den txapelketan; finalak, azken urteetan Gasteizen jokatu ondoren, aurten Bizkaian izango dira.
GRABNI 2026 txapelketaren aurkezpena Bilboko Bizkaia frontoian egin da, federazioen arteko euskal pilotaren hitzordu garrantzitsuenetako baten xehetasun nagusiak ezagutzera emateko.
Aurtengo edizioan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa eta Iparraldeko federazioek hartuko dute parte. Beste behin ere, lurralde arteko lehia, euskal pilotaren aniztasuna eta federazioen arteko lankidetza izango dira txapelketaren ardatz nagusiak.
GRABNI 2026 martxoaren 15ean hasiko da eta ekainaren 30 eta maiatzaren 1ean amaituko da, guztira zazpi jardunalditan banatutako egiturarekin. Lehen bost jardunaldietan liga faseko neurketak jokatuko dira; finalerdien jardunaldia Nafarroan eta Errioxan izango da, ezker paretan eta trinketean, hurrenez hurren; eta finalen jardunaldia Bizkaian jokatuko da.
Azken urteetan txapelketa honetako finalak Gasteizen jokatu dira. Aurten, ordea, finalak Bizkaian izango dira, Bizkaiko Eusko Pilota Federazioaren mendeurrenaren ospakizunen baitan. Horrela, GRABNI 2026k bat egin du urteurren berezi horren testuinguruarekin, euskal pilotaren historian eta egungo egituran Bizkaiak izan duen eta duen garrantzia azpimarratuz.
Txapelketak berriro ere euskal pilotaren aberastasuna eta zabaltasuna erakutsiko ditu, espezialitate ugari bilduz eta federazio bakoitzaren ordezkaritza indartuz. Ildo horretan, GRABNIak ez du soilik lehiaketa izaera; euskal pilotaren egitura federatiboa, lurralde ikuspegia eta kirol proiekzioa sendotzeko espazio garrantzitsua ere bada.
GRABNI bezalako txapelketek balio berezia dute, pilotariei beren federazioa ordezkatzeko aukera ematen dietelako eta, aldi berean, federazioen arteko harremanak eta euskal pilotaren ikusgarritasuna indartzen dituztelako.
2026ko edizioak, beraz, maila handiko norgehiagokak, modalitate aniztasuna eta giro bikaina uztartuko dituen txapelketa eskaintzea du helburu, euskal pilotaren lurralde izaera, tradizioa eta etorkizunerako indarra agerian utziz.