Berriak
EHko EZKER PARETAKO KLUBEN ARTEKO TXAPELKETAKO FINALAK ASTEBURU HONETAN JOKATUKO DIRA
Urtarrilaren 11ko asteburuan abiatu zen txapelketa: 7 asteburuko liga fasea eta finalerdiak jokatu ostean, final handiak martxoaren 6tik 8ra jokatuko dira hainbat pilotalekutan; 500 pilotari baino gehiagok parte hartu dute.
Asteburu honetan jokatuko dira 2026ko Euskal Herriko Ezker Paretako Kluben arteko Txapelketako finalak, kluben arteko egutegiko hitzordu nagusietako bat. Txapelketa urtarrilaren 11ko asteburuan hasi zen, eta ordutik 7 asteburuko liga fasea eta finalerdiak lehiatu ostean iritsi da azken txanpara. Guztira, Euskal Herriko 500 pilotari baino gehiagok parte hartu dute aurtengo edizioan.
Finalek hainbat modalitate eta kategoria bilduko dituzte, eta Euskal Herriko pilotaleku desberdinetan banatuko dira, pilota zaleei asteburu osoan zehar maila goreneko partidak eskaintzeko.
Finalen egutegia martxoaren 6an (ostirala) abiatuko da, 19:00etan, Gernika (Uni) eta Idiazabal (Igarondo)pilotalekuetan, gizonezkoen esku eta zesta puntako finalekin. Martxoaren 7an (larunbata), Arrasaten (Uarkape)izango da goizeko jardunaldia (10:30), emakumezkoen eskuzko bi finalekin, martxoaren 8aren testuinguruan emakumeen pilotaren ikusgarritasuna indartuz. Egun berean, beste final batzuk jokatuko dira Gatikan (17:00) eta Hondarribian – Jostaldin (18:00), erremintako eta zesta puntako partidetan.
Martxoaren 8an (igandea), final-jardunaldiak jarraipena izango du Zornotzan (11:00) esku nagusietako finalekin (Euskal Liga eta Ohorezko Maila), eta ondoren Durangon (11:30) emakumezkoen zesta puntako finalekin. Asteburua borobiltzeko, Zierbenan (12:15) larruzko paleta eta frontenis modalitateetako finalak jokatuko dira.
Txapelketaren helburua kluben arteko lehiaketa ofiziala bultzatzea da, kirol-sarea sendotzea eta pilotariei lehiatzeko bide egonkor eta antolatua eskaintzea, modalitate guztietan kalitatea eta ikusgarritasuna sustatuz.