Berriak

1abe
EUSKAL PILOTA SELEKZIOA BIKAIN ARITU DA 36 METROKO NAZIOEN LIGAN, LAU FINAL IRABAZIZ Kirola

EUSKAL PILOTA SELEKZIOA BIKAIN ARITU DA 36 METROKO NAZIOEN LIGAN, LAU FINAL IRABAZIZ

Euskal Pilota Selekzioak goi mailan lehiatu da Bilbon eta Barakaldon jokatutako 36 metrotatko Nazioen Liga txapelketan, lau final irabaziz eta lau azpitxapelketa lortuz, bederatzi herrialderen aurrean duen indarra erakutsiz.

Euskal Pilota Selekzioak aste ahaztezina burutu du Bilbon eta Barakaldon jokatutako 36 metroko Nazioen Ligan, oso maila altuan lehiatuz eta txapelketako bederatzi final posibletatik zortzi jokatuz. Euskadik lau txapel eta lau azpitxapelketa lortu ditu, hamar naziok parte hartu duten txapelketan: Euskadi, Espainia, Frantzia, Mexiko, Argentina, Kuba, Estatu Batuak, Portugal, Bolivia eta Txile.

Ligaxka fasean, Euskadik espezialitate guztietan (Zesta Punta banakakoa emakumezko eta gizonezkoetan, Eskuz banaka eta binaka emakumezko eta gizonezkoetan, Pala motza, Larruzko Paleta eta Egokitutako Pilota) erakutsi du lehiatzeko eta irabazteko gaitasuna. Astean zehar, emozioz beteriko partidak bizi izan dira, frontoietan giro aparta sortu da, eta joko maila ikusgarria eskaini dute pelotari guztiek.

Nazioarteko delegazioen arteko giro onak eta txapelketaren antolakuntza bikainak pilota festa bihurtu du txapelketa, eta Euskadi nazioarteko erreferente bihurtu da euskal pilotako ekitaldien antolaketan.

Ostiraleko jardunaldia une mingarri batek markatu zuen: Espainiaren aurkako Pala Motzeko final betean, Imanol Ibañez euskal pilotariak lesio larri bat izan zuen Akilesen tendoian lehen setean. Berehala ospitalera eraman zuten eta Xabier Ibargaray taldekideak ordezkatu zuen. Euskadiko Euskal Pilota Federazioak babes eta elkartasun osoa helarazi dio Imanoli eta sendatzen laguntzeko konpromisoa hartu du, beharrezko baliabideekin.

Kirol emaitzaz haratago, balantze orokorra oso positiboa izan da: Euskal Selekzioak batasun, esfortzu eta bikaintasun irudia eskaini du, eta zaleek pilotalekuak betez eta pasioz animatuz erantzun dute. Lehia-maila oso handia izan da, eta antolaketa, eredugarria.

Euskadiko Euskal Pilota Federazioak arrakasta handitzat jotzen du Nazioen Ligaren lehen edizio hau, bai nazioarteko proiekzioagatik, bai federazioen lan-eredua indartzeagatik. Edizio honek Pilota Egokituari ikusgarritasuna emateko ere balio izan du, gure ordezkarien parte-hartze nabarmenarekin.

Euskadik pilota inklusibo, moderno eta sustrai sendoko baten aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta aste honetan argi eta garbi erakutsi du bidea ondo marraztuta dagoela.