Berriak
Kirola
FINALEN EGUNA IZTAPALAPAN: DOMINA BI ETA BALORAZIO BIKAINA EUSKAL SELEKZIOARENTZAT
Azaroaren 15ean, larunbata, Frontballeko Munduko Txapelketako azken eguna jokatu da Mexikoko Iztapalapan, eta Euskal Pilota Selekzioak bere azken neurketak jokatu ditu: goizean 3. eta 4. postuak eta arratsaldean finala.
Egun handia izan da, non lan txukun batek bere saria jaso duen.
⚾ 23 urtez azpiko Emakumezkoak – 3. eta 4. postua
Naroa Agirre vs Espainia (Goiuri Zabaleta)
Naroa Agirre ez da eroso aritu kantxan eta Espainiako pilotariak agintaritza handia erakutsi du. Agirrek ez du amore eman eta tanto bakoitza borrokatu du, baina markagailuak ez dio lagundu: 10-02 / 10-01.
➡️ Euskal Selekzioarentzat laugarren postua kategoria honetan.
⚾ Emakumezkoen Absolutua – 3. eta 4. postua
Miren Larrarte vs Frantzia (Marie Goyenetche)
Miren Larrarte bere onena emateko prest agertu da eta erakutsi du merezi zuela finalaurrekoetan baino askoz gehiago. Tanto biziak eta indartsuak jokatu dira, baina Bidaniarrak erritmoa ezarri eta tantoak bukatu ditu: 10-04 / 10-06.
➡️ Euskal Selekzioarentzat brontzezko domina, emakumezkoen kategoria absolutuan.
⚾ 23 urtez azpiko Gizonezkoak – FINALA
Bingen Beitia vs Mexiko (Momito Medina)
Ilusio handiz heldu da Bingen Beitia finalera, baina aurrean Mexikoko hautagai nagusietako bat izan du: Momito Medina (Momo Medinaren semea).
Beitiak indartsu hasi du lehia eta lehen tantoak borrokatu ditu, baina mexikarrak erritmoa ezarri du eta Beitiak ez du tantoak bukatzeko aukerarik izan: 10-04 eta 10-00.
➡️ Zilarrezko domina eta lan bikaina zeanuriarrarentzat eta euskal ordezkaritzarentzat.
🟢 Balorazio orokorra: bide oparoko hasiera bat
Euskal Pilota Selekzioak zilar bat, brontze bat eta laugarren postu bat eskuratu ditu bere lehen parte hartzean Frontballeko Munduko Txapelketan. Lesioak eta momentu mingarriak tarteko izan badira ere, pilotari guztiek adorez eta profesionaltasunez jokatu dute, beti euskal ordezkaritza goian mantenduz.
Gainera, Mexiko, Espainia eta Frantziaren atzetik, laugarren delegazio onena izan gara txapelketan. Kontuan hartuta beste herrialdeek esperientzia luzea dutela modalitate honetan, gure emaitzek etorkizun oparoa iragartzen dute.
🎯 Helburuak bete dira:
- Lehiatu.
- Ikasi.
- Eta nazioarteko frontballaren eszenan Euskal Pilota Selekzioaren presentzia irmoa utzi.
🟢 Badugu zer ospatu, eta badugu zertan lan egin.
Prest gaude hurrengo erronkei aurre egiteko¡