Berriak

12aza
EUSKAL SELEKZIOAK GARAIPEN-BIDEARI EUTSI DIO FRONTBALLEKO MUNDUKO TXAPELKETAKO HIRUGARREN EGUNEAN Kirola

EUSKAL SELEKZIOAK GARAIPEN-BIDEARI EUTSI DIO FRONTBALLEKO MUNDUKO TXAPELKETAKO HIRUGARREN EGUNEAN

Azaroaren 11n, Munduko Frontball Txapelketaren hirugarren jardunaldia jokatu da Iztapalapan (Mexiko), eta Euskal Pilota Selekzioak erabateko protagonismoa izan du, bai emakumezkoen zein gizonezkoen kategoria absolutuan.

⚾ Miren Larrarte (Emakumezkoak Absolutua)

Jokoan sartzen lehena Miren Larrarte izan da, Estatu Batuetako Danielle Daskalakisen aurka. Esku-huskako hainbat modalitatetan aritutako jokalari estatubatuarrak kinka larrian jarri du Miren, nahiz eta frontballean espezialista ez izan.

Hala ere, Bidaniako pilotariak bere kalitate teknikoa, bi eskuekin jokoa menderatzeko duen gaitasuna eta partidaren irakurketa ona baliatu ditu. Kontrolpean izan du une oro, nahiz eta ez den lehia erraza izan: 10-05 eta 10-05.

⚾ Julen Alberdi (Gizonezkoak Absolutua)

Ondoren, Julen Alberdiren txanda izan da, igandean "Stich" munduko txapeldunaren aurka galdu ostean. Oraingoan Venezuelako Victor Rosque izan du aurkari.

Hasiera zaila izan da Julenentzat, behartu gabeko akatsak eginez eta 1-5eko kontrako markagailuarekin. Hala ere, hutsarte garrantzitsu baten ondoren, egoera bideratzen jakin du: piloteoan nagusi izan da, bere erritmoa ezarri du, aurkaria oso ondo mugitu du eta, oraingoan bai, tantoak ondo bukatu ditu.

Emaitza ikusgarria lortu du: 19-1eko partziala alde berean, hasierako momentu zailen ostean. Garaipena ez da erraza izan, baina sendotasun mentala eta joko indarra uztartuz, erantzun bikaina eman du Alberdik.

Azken emaitzak dena adierazten du: 10-06 lehen setean eta 10-00 bigarrenean, 19-1eko partziala sartuz aurkariari hasiera txarraren ondoren. Garaipen sendoa aurkari gogor baten aurka.

🟢 Euskal Pilota Selekzioak txapelketan gora egiten jarraitzen du, pilotarien jarrera eta joko maila egunetik egunera sendotuz. Txapelketa polita ari da izaten gure selekzioarentzat… eta are politagoa izan daitekeen amaiera baten bila goaz¡