Berriak
FRONTBALLEKO MUNDUKO TXAPELKETAREN INAUGURAZIOA ETA LEHEN NORGEHIAGOKAK IZTAPALAPAN
2025eko azaroaren 9an, hasiera eman zaio Frontballeko 23 urtez azpiko eta kategoria absolutuko Munduko Txapelketari Mexikoko Iztapalapan, inaugurazio-ekitaldi ikusgarri baten bidez.
Ekitaldian parte hartu dute lehiaketan arituko diren 28 delegazioek, eta bertako kultura omentzeko dantza tradizionalak eta aurkezpen instituzionala izan dira protagonista. Giro apartan ospatu da txapelketaren hasiera, frontballaren inguruko kirol eta kultur arteko topaketa bilakatuz.
🎾 Lehen partidak: emakumezkoen eta gizonezkoen lehia
Inaugurazioaren ondoren jokatu dira lehen bi partidak. Lehenengoan, emakumezkoen mailan, Mexiko eta Herbehereak aritu dira aurrez aurre, eta garaipena etxeko taldearentzat izan da.
Bigarren partidan Euskal Pilota Selekzioak hartu du parte lehen aldiz txapelketan. Gizonezkoen kategoria absolutuan, Julen Alberdi izan da gure ordezkaria, aurkari munduko txapelduna David "Stich" Álvarez izanik.
🏓 Mexiko 2 – 0 Euskadi (10-4 / 10-4)
Lehia oso gogorra izan da, baina emaitzak mexikarraren nagusitasuna islatzen du. Lehen setean, Alberdik zailtasunak izan ditu fisikoki egokitzeko, Stichen joko biziari eta Mexikoko altuerari aurre egiteko. Bigarren setean, hasierako parekotasunaren ondoren, mexikar pilotariak markagailuan ihes egin du.
💬 Julen Alberdiren adierazpena partidaren ostean:
"Hasieratik oso beteta sentitu naiz, bere erritmora ezin egokitu. Bigarren jokoan gorputzari buelta eman eta gusturago nengoen, baina pare bat huts tonto egin eta horrek eragin handia izan du... kaka zaharra¡ Baina hau ez da hasierarekin bukatzen, egokituko gara altueraren handicapera. Hortzak estutu eta datozen aurkariei irabazita, fase finalean berriz jokatu nahiko nuke Stichen aurka."
🟢 Gaur, azaroak 10, selekzioak maila guztietan hasiko du txapelketa ofiziala. Atzo azken entrenamendu saioak egin ziren, talde osoa lehiarako prest egon dadin.