Berriak

24urr
30 METROKO NAZIOEN LIGA – LAUGARREN JARDUNALDIA               (AGUASCALIENTES, MEXIKO) Kirola

30 METROKO NAZIOEN LIGA – LAUGARREN JARDUNALDIA (AGUASCALIENTES, MEXIKO)

Nagore Martin finalerdietara sailkatu da eta Euskal Pilota Selekzioak maila bikaina erakusten jarraitzen du Aguascalientesen.

 

Mexikoko Aguascalientes hirian jokatzen ari den 30 Metroko Frontoiko Nazioen Ligako laugarren jardunaldia oso jardunaldi exigentea izan da Euskal Pilota Selekziorentzat, goizetik arratsaldera bitartean lau partida jokatuta. Egunak garaipen bat eta hiru porrot utzi ditu, baina emaitzetatik harago, euskal pilotariek erakutsitako borroka, jarrera eta hobekuntza maila izan dira gauzarik aipagarrienak. Nagore Martin izan da eguneko protagonista, Venezuelaren aurka garaipena lortu eta finalerdietara sailkatuta, eta, horrekin batera, 2026ko Argentinako Munduko Txapelketa absoluturako sailkapena ere eskuratuta.

🔵 Frontenis Emakumezkoak – Euskadi vs Espainia

Eguneko lehen partidan Aroa Torres eta Laura Saez aritu dira, izeba eta iloba bikotea, Espainiako ordezkari Argulló – Aranaz valentziarrak aurrean zituztela. Partida oso konplikatua izan da, espainiarrak espezialitate honetako adituak eta nazioarteko esperientzia handikoak baitira. Hala ere, Aroa eta Laurak ausart atera dira kantxara, helburu argiarekin: ikasi eta esperientziaz gozatzea. 

Lehen setean euskal bikoteak estu eutsi dio aurkarien erritmoari, eta 7-5eko markagailura hurbildu dira, esperantza piztuz. Hortik aurrera, espainiarrak erritmoa handitu dute eta 15-7 nagusitu dira. 

Bigarrenak setak dinamika bera izan du: tanto luzeak, defentsa sendoa eta ahalegin bikaina euskal pilotarien aldetik, baina emaitza bera izan da: 15-5 espainiarren alde.

Emaitzaren gainetik, esperientzia baliotsua izan da, eta bihar 7. eta 8. postua jokatuko dute.

🟢 Paleta Goma Emakumezkoak – Euskadi vs Kuba

Goizeko bigarren partida ikusgarria izan da. Nagore Martinek finalerdietara sailkatzeko aukerak zituen jokoan Darriba kubatarraren aurka.

Lehen setean, Nagorek urduritasunak sumatu ditu, eta eta azkenean 15-6 irabazi du lehen seta.

Lehen seta maldan gora hasi da Nagorerentzat, urduri samar hasi da,  kubatarrak joko ikusgarria egin du, tanto azkarrak eta zehatzak eginez: 8-3 aurreratu da. Arabarrak erreakzionatzeko ahalegina egin duen arren, kubatarrak jokoaren kontrola mantendu du eta 15-6 irabazi du lehen seta.

Bigarrenean, gidoia errepikatzen zela zirudien: Darriba 8-3 aurretik jarri da, bere kolpearekin nagusituz. Baina dena galduta zegoela zirudienean, Nagorek bere bertsiorik onena atera du, adorea eta espiritu lehiakorra erakutsiz. Puntuz puntu, markagailua 13ra berdintzea lortu du, eta bihotzekoak jota amaitu ondoren, 15-13koemaitzarekin itxi du seta, hirugarren set erabakigarria behartuz.

Azken seta oso parekatua izan da hasieran, baina Nagorek aurrea hartu du 3-7 eta 5-9 markagailuekin. Puntu bakar bat falta zitzaion balentria osatzeko, baina kubatarrak berriro sakea berreskuratu du eta bere indarra baliatuz 9-9 berdindu du. Azkenean, Darribak azken tantoa egin du eta partida beretzat izan da.

Porrotaren gainetik, Nagorek partida ikusgarria jokatu du, borrokaz eta emozioz beterikoa, ikusleen txaloak jasoz.

🟢 Paleta Goma Emakumezkoak – Euskadi vs Venezuela

Arratsaldeko 14:00etanNagore Martinek multzoen faseko azken partida jokatu du Venezuelaren aurka, Rangelek ordezkatuta.  Partida hau erabakigarria zen 2026ko Argentinako Munduko Txapelketa absoluturako sailkapena ziurtatzeko eta goizeko porrot mingarriaren (Kubaren aurkako 10-9 hirugarren setean) ondoren fasea modu positiboan ixteko. 

Hasieratik nagusitu da, erritmo bizia ezarriz eta pilotari kolpe zehatzak eginez.
Lehen seta nagusitasun osoz irabazi du: 15-3, eta jokoa guztiz kontrolpean izan du.
Bigarren setean norgehiagoka parekatuagoa izan da, baina Nagorek intentsitatea eta kontzentrazioa mantendu ditu, eta venezuelarrak ez du aurre egiteko modurik aurkitu. Azkenean, 15-6 irabazi du eta garaipen sendoa lortu du.

Emaitza honekin, Nagore Martinek ez du soilik 2026ko Argentinako Munduko Txapelketa absoluturako sailkapena lortu, baizik eta azkenean finalerdietara sailkatu da, berdinketa arauen arabera bere multzoko bigarren postua eskuratuz.

Bihar jokatuko du finalerdia Mexikoren aurka, txapelketako fase erabakigarrian sartuta.

🟢 Paleta Goma Gizonezkoak – Final-laurdenak: Euskadi vs Argentina

Eguneko laugarren eta azken partida Paleta Goma gizonezkoen final-laurdenei zegokien, Euskadi eta Argentina aurrez aurre jarri dituena. Euskal ordezkari gisa Unai Sagarzazu aritu da, eta aurrean izan du Andreasen argentinar beteranoa, txapelketako faborito nagusietako bat. Partida oso zaila zen aurreikuspenetan, baina Unaik ausart ekin dio, ezer galtzeko gabe eta irabazteko asmoz.

Lehen setean, argentinarra nagusitu da hasieratik, 7-0 aurreratuz markagailuan. Une horretatik aurrera, Unaik bere jokoa aurkitu du eta partida estutu du, baina set-a 15-6 bukatu da Andreasenen alde.

Bigarren setean, Unaik intentsitatea handitu du eta argentinarrari lan handia eman dio, defentsa ikusgarriak eginez eta tanto guztiak borrokatuz. Hala ere, aurkariaren kalitatea eta esperientzia erabakigarriak izan dira eta bigarren set-a ere 15-7 amaitu da argentinarraren alde. 

Porrotaren gainetik, Unai Sagarzazuk txapelketa bikaina osatu du, izan ere, multzoko fasean lortu zuen bere helburu nagusia, 2026ko Argentinako Munduko Txapelketa absoluturako sailkapena alegia. 

Bihar jokatuko du 5.etik 8.erako postuak zehazteko fasea, eta horrek bi partida gehiago emango dizkio nazioarteko esperientzia metatzen jarraitzeko.