Berriak
EUSKADIK HIRU FINALERDI JOKATU DITU ARRAKASTARIK GABE ETA BIHAR LEHEN DOMINAK LORTZEKO LEHIATUKO DA
Euskal Pilota Selekzioa gogoz aritu da Xare, Eskuz Binaka eta Larruzko Paletan, baina ezin izan du finalerako txartelik eskuratu. Bihar, larunbata, hiru brontzezko domina jokatuko ditu Trinqueteko Munduko 23 urtez azpiko txapelketan.
🟢 ESKUZ BANAKA – JON JARAK SEKULAKO IKUSKIZUNA ESKAINI DU BOLIVIAREN AURKA ETA MUNDUKO BOSGARREN POSTUA LORTU DU
Eguna atzerapenarekin hasi da Venado Tuertoko Jockey Clubeko trinketean, izan ere, aurreko egunean hautsitako blindex kristala oraindik konpondu gabe zegoen. Klub argentinarraren langileek egindako lan neketsuaren ondoren, trinketearen konponketa burutu da eta goizeko jardunaldia martxan jarri ahal izan da.
Lehen partida honetan Jon Jara aritu da Euskadi ordezkatzen, Boliviako Vargasen aurka, Eskuz Banakako bosgarren eta seigarren postua erabakitzeko norgehiagokan.
Lehen tantotik bertatik, Hernaniko titan-ak erritmo ikusgarria ezarri du, aurkariari inolako aukerarik eman gabe. Joko zuzen eta oldarkorrarekin, lehen seta 15-1eko markagailu argiarekin irabazi du, ia hutsegiterik gabe eta jokoaren irakurketa bikaina erakutsiz.
Bigarren setean, Bolivia partidaren norabidea aldatzen saiatu da, Laura kantxaratuz, baina Jararen nagusitasunak ez du etenik izan. Berriro ere, autoritatez eta zehaztasunez, beste 15-1eko emaitzarekin itxi du seta, eta horrekin batera Eskuz Banakako Munduko Bosgarren Postua bereganatu du.
Jardunaldi bikaina izan da Jon Jararentzat txapelketari amaiera emateko. Bere nortasuna, gaitasun teknikoa eta egokitzeko ahalmena nabarmen geratu dira. Talde indartsuekin (hala nola Frantzia eta Mexikorekin) gurutzatu izanak finalerdietara sartzea galarazi zion, baina nazioarteko esperientzia honek bere kirol bilakaeran gako izango denik ez dago zalantzarik.
🟠 LARRUZKO PALETA – ARGENTINAK BERE LEGEA EZARRI DU ETA EUSKADI BRONTZEA LORTZEKO LEHIATUKO DA
Euskal Pilota Selekzioarentzat eguneko bigarren partida, jardunaldi honetako plater nagusietako bat izan da, Larruzko Paletako finalerdia alegia. Euskal bikotea, Endika García eta Markel Sierra-k osatua, etxeko selekzioaren aurka aritu da, hau da, Argentinaren aurka, Candal eta Cedrez bikoteak ordezkatua.
Partida honetan itxaropen handiak zeuden jarriak: izan ere, , Euskadik bere lehen final historikoa lortzeko aukera baitzuen FIPVk antolatutako txapelketa ofizial batean. Baina hasiera ez da nahi bezala izan. Finalerdi baten pisua eta herrialde bat ordezkatzeak sortzen duen tentsioa nabariak izan dira gureentzat, eta argentinarrek, joko sendo eta bizkor batekin, seta hasieratik amaierara arte menderatu dute 15-3 irabaziz.
Atsedenaldian, Peru Egurbide hautatzaileak argibide eta motibazio mezuak helarazi dizkie jokalariei, eta bigarren setera ausart irten dira gureak. Hala ere, partidaren gidoia ez da asko aldatu. Argentinarren indarrak eta zehaztasunak erabaki dute berriz ere seta. 12-4ko markagailuarekin, Egurbidek Unax Curros kantxaratu du, eta horrela debut ofiziala egin du selekzioarekin.
Bigarren seta ere Argentinaren alde erori da, oraingoan 15-4ko emaitzarekin.
Porrotaren gainetik, Larruzko Paletako espezialitatean ibilbide bikaina egiten ari da Euskal Pilota Selekzioa Trinketeko Munduko Sub-23 Txapelketan. Bihar Mexikoren aurka jokatuko dute hirugarren eta laugarren postua, eta podiumera igotzeko eta txapelketa bikain bati amaiera borobila emateko aukera izango dute.
🟡 PALETA GOMA GIZONEZKOAK – EUSKADI HIRUGARREN SETEAN GALDU DU ETA ZORTZIGARREN AMAITU DU MUNDUKO TXAPELKETA
Eguneko hirugarren partidan, Euskal Pilota Selekzioak 7. eta 8. postua erabakitzeko norgehiagoka jokatu du Paleta Goma Gizonezkoen modalitatean. Ian Davis eta Iñaki López de Munain izan dira gure ordezkariak, eta aurkari Peruko, González-Bustinza bikotea izan dute.
Partida sentsazio oso onekin hasi da gureentza eta joko serio eta eraginkor bat eginez, hasieratik nagusitu dira, lehen seta argi irabaziz: 15-6.
Bigarren setean, Iñaki Mutuberriak hautatzaileak, Oihan Luzuriaga sartu du kantxara, eta Peruk ere Bustinzaren ordez Sánchez kantxaratu du.
Aldaketa horrek eragin nabarmena izan du: Peruko atzelariak sendotasun handiagoa eta erritmo biziagoa ezarri dio jokoari, eta horrek zaildu egin du euskal bikotearen jarraipena. Bigarren seta 9-15 galdu du Euskadik, eta, horrela, hirugarren eta azken set erabakigarria jokatzera behartuak izan dira.
Aldaketa gehiago egiteko aukerarik gabe, azken seta beraientzat hasi da hobeto. Hala ere, gureak ondo eutsi diote markagailuari, eta 7-5 arte hurbildu dira. Baina, azken txanpan, aurkariak sendoagoak izan dira eta 10-5eko emaitzarekin itxi dute partida.
Porrot honekin, Euskadik zortzigarren postuan amaitu du txapelketa. Nahiz eta garaipenik lortu ez, etxean errotu gabe dagoen espezialitate honetan parte hartze hau esperientzia baliotsua izan da euskal pilota selekzioarentzat.
🔵 XAREA – EUSKADIK FRANTZIAREN AURKA FINALERA SAILKATZEKO SAIAKERA EGIN DU BAINA BIHAR BRONTZEAREN BILA ARITUKO DA AZKENEAN
Jardunaldiak beste finalerdi batekin jarraitu du Euskal Pilota Selekzioarentzako Xare modalitatean. Euskadik beste aukera historiko bat zuen lehen aldiz FIPVk antolatutako Munduko Txapelketa ofizial batean finala lortzeko.
Mikel Uzkudun hautatzaileak Matxalen Mendizabal eta Markel Mujika bikotearen alde egin du gaurko finalerdian eta aurrez aurre Frantziako Halsouet izar aurrelaria eta Lafargue atzelari sendoa izan dituzte aurkari.
Lehen seta parekatua hasi da, eta gureek bikain ekin diote, markagailuan bizirik mantenduz 4-4ra arte. Une horretan, aurrelari frantsesa ia geldiezina zen sake batekin distira egiten hasi da, eta Frantzia 10-4 aurreratu da. Euskadik, hala ere, ez du amore eman eta 10-9ra hurbildu da, izaera eta anbizioa erakutsiz. Baina Frantziaren azken erasoaldiak erabakigarriak izan dira, eta seta 15-9 Frantziaren alde amaitu da.
Bigarren seta are gogorragoa izan da gureentzat hasieratik. Matxalen eta Markelek tanto bakoitza borrokatu dute eta jarrera eredugarria erakutsi dute, baina Halsouet-en kalitate teknikoak berriro ere aldea markatu du. Frantziak 15-5eko markagailuarekin itxi du partida, eta horrela finalerako txartela eskuratu du.
Porrotaren gainetik, euskal bikoteak maila oso altuan lehiatu du, kalitate eta entrega handiko partida bat sinatuz. Bihar historia egiteko beste aukera bat izango dute, hirugarren eta laugarren postua jokatuko baitute etxeko selekzioa, Argentinaren aurka. Brontzea jokoan dago, eta taldea prest dago burua altxatzeko eta borrokatzeko.
🔴 ESKUZ BINAKA – EUSKADI OHOREZ ERORI DA FRANTZIAREN AURKA ETA BRONTZEAREN BILA ARITUKO DA
Jardunaldia beste finalerdi batekin amaitu da Euskal Pilota Selekzioarentzat, oraingoan Eskuz Binaka modalitatean. FIPVk antolatutako txapelketa ofizial batean lehen final historikoa jokatzeko hirugarren aukera genuen gaurkoan.
Eneko Uribe hautatzaileak Unax Manterola eta David Alonso osatutako bikotearen alde egin du, eta hauek Frantzia indartsuari aurre egin behar izan diote, non Iparraldeko Pello Larretxea gazte promesarengatik eta Mathieu Lazkano profesionalarengatik ordezkatuak egon diren.
Frantzia faborito gisa iritsi da partidara, baina gureek determinazioz eta anbizioz jokatu dute. Lehen seta oso parekatua izan da hasieratik, eta tantoz-tanto lehia estua egon da. Une erabakigarria Frantziaren aldeko 11-9ko emaitzarekin iritsi da baina gureek ez dute lortu frantziarraren azken bultzada geldiaraztea eta azkenean 15-10 galdu dute.
Bigarren setean, Uriberen jarraibideak entzun ondoren, bikoteak guztia eman du kantxan. Jokoa pare-parean joan da uneoro, baina frantsesek momentu oro alde txiki bat mantendu dute markagailuan. 12-7ko emaitzarekin, Eneko Uribek egin zezakeen aldaketa bakarra egin du, eta Ibai Arroitajauregi sartu du Manterolaren ordez, taldeari bultzada berri bat emateko asmoz.
Ibaik jarrera bikaina erakutsi du eta, Alonsorekin batera, puntu bakarrera gerturatu dira: 13-12. Hala ere, hurrengo tantoan, Ibaik botiboleoz egindako jokaldi ausarta txaparen kontra joan da. Frantziak ez du barkatu, eta partidari amaiera eman dio 15-12ko emaitzarekin, finalerako sailkatuz.
Porrot mingarria baina duina gure selekziorentzat, txapelketako talde onenetako baten aurka irudi bikaina eskaini baitu. Bihar hirugarren eta laugarren postua jokatuko dute Espainiaren aurka eta brontzezko domina preziatua izango da jokoan.