Berriak

19ira
KONTRASTEZ BETETAKO JARDUNALDIA EUSKAL PILOTA SELEKZIOARENTZAT LIGAXKA FASEKO AZKEN TXANPAN Kirola

KONTRASTEZ BETETAKO JARDUNALDIA EUSKAL PILOTA SELEKZIOARENTZAT LIGAXKA FASEKO AZKEN TXANPAN

Garaipen sendoa Eskuz Binakakoan eta estreinaldi historikoa Emakumezkoen Gomazko Paletan. Xarean aldiz, Espainiaren aurkako partidan porrota mingarria eta Gizonezkoen Gomazko Paletan Frantzia nagusi.

🔹 Eskuz Banaka – Jon Jararen garaipen argia Uruguairen aurka, bosgarren postua jokoan

Bosgarren jardunaldia goiz hasi da Euskal Pilota Selekzioarentzat, lehen partida goizeko 09:45etan jokatu baita, Eskuz Banaka modalitatean. Euskadiren ordezkaria, Jon JaraSugo uruguaitarraren aurka aritu da, eta hasieratik bukaerara arte nagusitasuna erakutsi du.

Lehen unetik, Jarak jokoaren erritmoa eta denborak ondo kontrolatu ditu, eta aurkariaren akats bakoitza zigortu du. Lehen seta 15-5 argiarekin itxi du, baina, berak aitortu duenez, ez da erabat eroso sentitu, tanto batzuk luzeak eta oso gogorrak izan baitira. 

Bigarren seta aurrekoa bezala joan da. Atsedenik hartu gabe eta kontzentrazioa mantenduz, Euskal Selekzioko pilotariak berriz ere bere nagusitasuna erakutsi du eta 15-5 irabazi du bigarren seta. 

💡 Ondorioa

Garaipen honekin, Jon Jarak amaiera bikaina eman dio multzoen faseari, baina ez du finalerdietarako txartela lortu txapelketako bi faborito nagusiren aurka jokatu ostean: Frantzia eta Mexiko. Bihar, txapelketa amaitzeko aukera berri bat izango du bosgarren eta seigarren posturako partidan, non Boliviaren aurka neurtuko dituen indarrak. 

🔹 Paleta Goma Emakumezkoak – Euskal Pilota Selekzioaren lehen garaipen historikoa, hazkunde ikusgarrian

Eguneko bigarren partida Euskal Pilota Selekzioko emakumeen taldeak jokatu du, Paleta Goma Emakumezkoen modalitatean, Peruren aurka, Garces ahizpek ordezkatuta. Euskadiren aldetik, Olatz Zulaika eta Enara Mazizior aritu dira, norgehiagoka bizian, parekatuan eta maila handikoan. 

Lehen seta oso lehiatua izan da, aldaketa ugarirekin markagailuan eta tanto luzeekin. Azkenean, perutarrek irabazi dute lehen seta, 15-13ko emaitza estuarekin, nahiz eta euskal bikotearen jokoan sendotasun handiagoa ikusi den.

Bigarren setean, gureek aurrerapauso handia eman dute. Konfiantza handiagoarekin, jokoaren irakurketa hobearekin eta erasoan ausartago, euren erritmoa ezarri dute eta partida menderatu dute, 8-15eko emaitza garbiarekin set-a bereganatuz.

Dena erabakitzeke zegoen hirugarren eta azken setean, eta euskal pilotariek ez dute hutsik egin. Partidan hazten jarraitu dute, lasaitasuna mantenduz eta eraginkorrak izanez une erabakigarrietan. Maila tekniko eta mental bikainarekin, 4-10irabazi dute seta, FIPVren lehiaketa ofizial batean modalitate honetan lortutako lehen garaipena. Lortuz. 

💡 Ondorioa

Merezitako garaipen historikoa gurean tradizio gutxi baina etorkizun handia duen modalitate batean eta euskal jokalarien hazkunde nabarmena erakusten duena,. Partidaz partida hobera egin dute, eta garaipen honek bosgarren eta seigarren postua lortzeko partidara sailkatzeko aukera ematen die , partida hori larunbatean, hilak 20, goizeko 11:00etan jokatuko dute. 

🔹 Xare – Espainiaren aurka porrot mingarria eta Euskadi laugarren postuan finalaurrekoetan

Eguneko hirugarren partida Xare modalitatean jokatu da, eta bertan Euskal Pilota SelekzioaXuban Lopetegi eta Oier Iturbe pilotariek ordezkatuta, Espainiaren aurka lehiatu da. Espainiaren ordezkari gisa, Santi Hualde eta Pello Armendáriz aritu dira. Partidak pisu berezia zuen: Euskadik dagoeneko finalaurrekoetarako sailkapena lortua bazuen ere, garaipen batek taldeko bigarren postua ziurtatzen zuen; porrotak, aldiz, laugarren postura eramaten zuen, eta horrek finalaurrekoan aurkari zailena izatea zekarren.

Partida bikain hasi da gureentzat. Joko borobila eginez, abiadura, kokapena eta zehaztasuna menderatuz, espainiarrak guztiz gainditu dituzte eta lehen seta erraz irabazi dute: 15-5.

Bigarren setean, ordea, Espainiak bere jokoa hobetu du, eta partida askoz parekatuagoa bilakatu da.Hainbeste, non 14na berdindu dutendena tanto bakar baten esku utziz. Aurreko jardunaldietan gertatu bezala, zorteak aurkariaren alde egin du berriz ere. Espainiak 14-15 irabazi du, eta hirugarren seta behartu du.

Azken seta aurrekoak eragindako kolpe psikologikoak baldintzatu du. Gureei suspertzea kostatu zaie, eta espainiarrek egoera hori aprobetxatuz gora egin dute. Markagailuak azken desoreka hori islatu du eta ondorioa: 3-10 Espainiaren alde.

💡 Ondorioa

Beste porrot estu bat abiadura eta exijentzia handiko modalitate honetan, non detaile txikiek erabakitzen duten. Euskadik partida guztiak oso gutxigatik galdu ditu Xarean, eta horrek taldearen lehiakortasun maila handia erakusten du, baina baita une garrantzitsuenetan zorterik ez izatea ere.

Emaitza honekin, Euskal Pilota Selekzioa taldeko laugarren postuan sailkatu da, eta bihar jokatuko ditu finalaurrekoak Frantziaren aurka, txapelketako faborito handia. Agian bihar, zortea gure aldeko izango dugu. Dena dago jokoan.

🔹 Paleta Goma Gizonezkoak – Porrot argia Frantziaren aurka, eta zazpigarren postuaren bila. 

Gaurko jardunaldiko laugarren partidua Paleta Goma Gizonezkoen modalitatean jokatu dugu eta Euskal Pilota Selekzioak munduko potentzia handienetako baten aurka lehiatu da, Frantzia. Hauen ordezkari Yoan eta Mora izan dira, Euskadiren aldetik, Beñat Martinez de Lafuentek eta Oihan Luzuriagakerrepikatu dute kantxan, etxean tradizio gutxi duen modalitate batean taldea ordezkatzeko erronka ausardiaz hartu duten bi pilotari gazte. 

Partidak, ordea, ez du historiarik izan. Hasieratik, frantziarrek maila askoz hobea erakutsi dute, bai erritmoan, bai jokoaren kontrolean, eta bi setak markagailu sendo berdinarekin amaitu dira: 15-2.

💡 Ondorioa

Porrot honekin, Euskadik zazpigarren eta zortzigarren postua jokatuko du bihar txapelketako bere azken partidan. Nazioarteko hitzordu honetan, helburu nagusia argia zen: etxean gutxi landutako diziplina batean lehia-esperientzia lortzea eta etorkizunerako prestakuntza-bide bati ekitea. 

Emaitzen gainetik, balantzea positiboa da. Partida batzuetan taldearen irudia duina izan da, eta pilotariek jarrera, moduak eta konpromisoa erakutsi dute. Epe ertainera, prestakuntza zehatzagoarekin eta jarraikortasunarekin, talde honek nazioarteko selekzio onenekin lehiatzeko gaitasuna baduela erakutsi du. 

🔹 Eskuz Bibaka – Garaipen sendoa Peruren aurka eta finalaurrekoetarako sailkatuta

Eguneko azken partida Eskuz Binakako espezialitatean jokatu da. Euskal Pilota Selekzioa ordezkatzen Ibai Arroitajauregi eta Markel Alonso aritu dira, eta aurrean Peruko Poma eta Jose Manuel izan dituzte.

Partidak ezohiko egoeran hasi behar izan du: aurreko norgehiagokan, Mexiko eta Boliviaren artekoan, blindex-eko atzeko pareta hautsi da, eta horrek beste trinkete batera lekualdatu behar izatea ekarri du. Azkenean, atzerapenarekin, partida Centro Empleados de Comercio klubeko trinketean hasi da.

Lehen setaren hasiera zalantzazkoa izan da gureentzat. Gertatutako guztiak gureak pixka bat desorekatu ditu, eta Peruk egoera baliatu du markagailuan 7-5era hurbiltzeko. Une horretan, pilotariek tentsioa askatu dute, eta joko eraginkorrarekin lehen seta 15-6 irabazi dute.

Bigarren setak ibilbide beretik jarraitu du, baina oraingoan nagusiago izan dira gureak. Jokoa kontrolpean izan dute uneoro, eta 15-2ko emaitzarekin itxi dute partidako bigarren zatia.

Bigarren setak antzeko dinamika izan du, baina oraingoan euskal pilotarien nagusitasuna are nabarmenagoa izan da. Jokoaren erabateko kontrola mantendu dute une oro eta bigarren seta 15-2 argiarekin itxi dute.

💡 Ondorioa

Garaipen honekin, hasierako fasea itxi da eta bihar finalerdiak jokatuko dituzte Frantziaren aurka, espezialitate honetan faborito nagusia dena. Euskal Pilota Selekzioa prest dago bihar guztia eman eta ustekabea emateko, hau da, Munduko Txapelketako finalerako txartela eskuratzeko.