Berriak

5api
BESTE BI DOMINA EUSKAL PILOTA SELEKZIOARENTZAT TXAPELKETAKO AZKEN AURREKO EGUNEAN Kirola

BESTE BI DOMINA EUSKAL PILOTA SELEKZIOARENTZAT TXAPELKETAKO AZKEN AURREKO EGUNEAN

One Wall-eko espezialitatean gizonezkoetan brontzea eta emakumezkoetan urrea lortu dute Euskal Pilota Selekzioko pilotariek.

Goizeko 10:00etan hasi dute hirugarren txapelketa eguna gure neska mutilek Freixoko kantxetan. Emakumezkoek Pilota Portugaldarrarekin hasi dira eta gizonezkoak Llarguesari ekin diote. 

Lehen aldia zen gure neskek Freixoko Elizako hormaren aurka aritzen zirela eta aurreneko partiduan asko antzeman dute. Ingalaterrako hirukotearen aurka 0-7 galtzen hasi dira eta nahiz eta partidua 7ra berdindu eta 15-10 aurretik jarri, frontoiaren berezitasunak eta ziurgabetasunak eragin handia izan dute azkeneko 17-20ko emaitzan. Txapelketako lehen porrotari buelta eman behar izan diote gure neskek eta Italiari 20-6 irabazita, modalitate honetan lehiakorrak izan ahal direla erakutsi dute. Horrela bada, taldeko bigarren sailkatu moduan egin dute aurrera eta finalerdietan Herbehereen aurka lehiatu dira. Hirugarren partida honetan zer egiteko gai diren erakutsi dute eta sekulako erakustaldia eginez 20-2 irabazi dute eta biharko finalerako txartela lortu dute. 

Goizean ere txapelketa honetako gizonezkoen modalitate erregea hasi da, Llarguesa hain zuzen ere. Taldeko faseko lehen partidua hainbat alditan Munduko eta Europako txapeldunak diren Belgikaren aurka lehiatzea tokatu da eta pronostiko guztiak hautsita 6-2 irabazi diote gure mutilek, inoiz ikusi gabeko erakustaldia eginez. Behin zailena eginda bigarren partidua erraz irabazi dute Portugalen aurka 6-0 eta bihar goizeko finalerdietara taldeko lehenak moduan sailkatu dira. Final haundira sailkatzeko jokamolde honetan oso zailduak dauden Herbehereak taldeari irabazi beharko diote. 

Arratsaldean, gaurko eguneko domina aukerak jokoan zeuden One Walleko modalitatean eta gure taldeak ez du hutsik egin. Gizonezkoek finalerdia Ingalaterraren aurka jokatu dute eta lehen jokoa 21-11 irabazi ondoren aurkariek aldaketa bat egin dute. Aldaketa horren ondorioz jokoa guztiz aldatu da eta gure mutilek asko sufritu dute. Azkenean 17-21 galdu dute bigarren jokoa. Hirugarren eta azken joko erabakigarrian gauzak ez ditugu alde izan eta tamalez 7-11 galdu dute. Behin urrezko domina lortzeko borroka galduta 3. eta 4. postua jokatu dute Balentziako taldearen aurka eta oraingoan ez dute hutsik egin. Lehen joko estu bat eta gero (21-20) bigarren jokoan nagusitasunez irabazi dute (21-16) eta txapelketa honetako bigarren brontzezko domina irabazi dute. 

Emakumezkoek, aurreko urteko Munduko txapelketakoa istripu txiki bat izan zela erakutsi nahi zuten eta Europako txapelketako titulua lortuta, argi utzi dute gaur egun modalitate honetan ez dugula aurkaririk. Finalerdia nagusitasunez irabazi diote Balentziako taldeari 21-14 eta 21-13 irabazita. Finalean, Herbehereen aurka jokatu behar izan dute, aurreko urteko Munduko txapeldunak hain zuzen ere eta 21-16 eta 21-13 irabazita Europako titulua bereganatu dute gure neskek. Horrela bada, txapelketako sailkapen orokorrean nagusitzea lortu dute jada bi urrerekin eta bihar hirugarrena lortzeko aukera dute.