Noticias

24oct
BI URRE ETA HIRU ZILAR FINALEN EGUNEAN: LIZEAGA-ELORZ ETA ERKIAGA, MUNDUKO TXAPELDUN Deporte

BI URRE ETA HIRU ZILAR FINALEN EGUNEAN: LIZEAGA-ELORZ ETA ERKIAGA, MUNDUKO TXAPELDUN

Euskal Pilota Selekzioak lau urre eta lau zilar ditu dagoeneko Munduko Txapelketan.

Euskal Pilota Selekzioak bost final jokatu ditu gaur FIPVren XX. Munduko Txapelketan, eta bi urre eta hiru zilar eskuratu ditu. Eñaut Lizeaga eta Oier Elorz munduko txapeldun izan dira eskuz binaka, eta Aritz Erkiaga zesta-puntako banakakoan. Ekhi Irribarriak eta Gaizka Carregalek eskuz banaka, Helena Barrenetxeak zesta-puntako banakakoan eta Nagore Martínek gomazko paletan zilarrezko domina lortu dute. Euskal selekzioak lau urre eta lau zilar ditu dagoeneko.

Eskuz binaka: Elorz bikaina, urrearen giltza

Oier Elorz izan da eskuz binakako finaleko protagonista nagusia. Eñaut Lizeagak eta Oier Elorzek 10-7 eta 10-9 irabazi diete Espainiako Canabal eta Apeztegiari. Lizeagak partidako tanto ikusgarrienak egin ditu, baina ohi baino huts gehiago ere bai. Lehen jokoan, Espainiako bikotea aurretik hasi da, Lizeagaren hutsak baliatuta; pixkanaka, ordea, Elorzek bere nagusitasuna ezarri du atzeko koadroetan, eta Lizeagaren erremateei esker, euskaldunek lehen jokoa irabazi dute.

Bigarrenean, euskal bikotea 4-0 aurreratu da, baina une txar bat izan du, eta Canabalek eta Apeztegiak markagailuan aurrea hartzeko baliatu dute. 7-9 galtzen ari zirela, bi pilotarien kemena eta patxada erabakigarriak izan dira joko oso zaila aurrera ateratzeko. Azken tanto estuetan, Elorzek berriro agindu du atzeko koadroetan: zalantzarik gabe, finaleko pilotaria izan da. FIPVren munduko txapelketa absolutu batean 36 metroko frontoiko eskuzko modalitateak lortutako lehen urrezko domina da.

Zesta-punta banaka: Aritz Erkiaga, munduko txapeldun

Aritz Erkiagak 15-12 eta 15-7 irabazi dio Olharan frantziarrari. Lehen jokoa oso lehiatua izan da: bi pilotariak pare-parean aritu dira, eta inork ez du bi tantotik gorako alderik lortu. Hamarnako berdinketatik aurrera, Erkiagak erritmoa bizitu du eta ohituta gauzkan jokoa erakutsi du, lehen joko tentsio handikoa bereganatzeko (15-12). Atsedenaldiaren ostean, are gehiago estutu du eta une honetako puntistarik onena dela erakutsi dio mundu guztiari: 7-1 aurreratu da, eta tanto ikusgarri batzuk egin ondoren, bigarren jokoa 15-7 itxi du. Olharanek, nekatuta, ezin izan dio aurre egin. Helburua beteta: munduko txapeldun.

Eskuz banaka: zilarra, joko bikainaren aurrean

Ekhi Irribarriak eta Gaizka Carregalek ezin izan diote aurre egin Jorge Fernández espainiarraren joko bikainari (0-10 eta 4-10). Fernándezek hasiera ikusgarria egin du, eta 0-8 aurreratu da. Irribarriak dena eman du, eta une horretan Iraitz Olaetxea hautatzaileak aldaketa egitea erabaki du: Gaizka Carregal sartu da, Fernándezi zalantzak sortzeko. Hala ere, espainiarrak 0-10 irabazi du lehen jokoa. Bigarrenean, Carregalek tanto guztiak borrokatu ditu, baina Fernándezek ez dio aukerarik eman (4-10). Ahalegin handia egin dute gureek, eta zilarra eskuratu dute.

Emakumezkoen zesta-punta banaka: Helena Barrenetxea hirugarren jokotik gertu

Helena Barrenetxea bikain aritu da, baina titulua irabazteko faboritoa zen Mugartegi espainiarraren aurka galdu du (11-15 eta 14-15). Lehen jokoan, Mugartegik bere erritmoa eta kolpea ezarri ditu, baina Barrenetxeak bi paretako tanto ikusgarriekin erantzun dio. Espainiarra beti joan da aurretik, eta jokoa irabazi du. Bigarrenean, Barrenetxea indartsu atera da: zortzinako berdinketaren ondoren aurrea hartu du, 11-8 jarri da eta gero 14-13. Baina aurkariak markagailua irauli du, eta azken tantoan Barrenetxeari pilota txapara joan zaionez, 14-15 galdu du. Partida ikusgarria jokatu du, hirugarren jokoa behartzetik oso gertu. Zorionak, Helena¡

Gomazko paleta: Nagore Martín, munduko txapeldunorde

Nagore Martínek azken unera arte borrokatu du Maider Ardanaz espainiarraren aurka (10-15 eta 13-15). Lehen jokoan, Ardanazek bikain jokatu du, eta Martínek atzetik egin behar izan du une oro. 9-10era hurbildu da, eta aurrea har zezakeela zirudien, baina Ardanazek erritmoa bizitu eta 10-15 irabazi du. Bigarrenean, Martín 2-0 aurreratu da, baina Ardanazek erantzun eta berehala 2-7 jarri du. Espainiarrak, sendo, 6-13koa lortu du; hala ere, Martínek arriskatuz eta pilota guztiak borrokatuz 13-14ra hurbiltzea lortu du. Azkenean 13-15 galdu du, hirugarren jokoa behartzetik gertu. Txapelketa bikaina egin ondoren, Nagore Martín munduko txapeldunorde da. Zorionak, Nagore¡

Lau urre eta lau zilar

Gaurko emaitzekin, Euskal Pilota Selekzioak lau urre eta lau zilar ditu: urreak gizonezkoen zesta-puntako binakakoan, trinketeko parapilotan, eskuz binaka eta gizonezkoen zesta-puntako banakakoan; zilarrak emakumezkoen zesta-puntako binakakoan, eskuz banaka, emakumezkoen zesta-puntako banakakoan eta emakumezkoen gomazko paletan.

Bihar, larunbata, txapelketako azken jardunaldia jokatuko da: Espainiaren aurkako pala motzeko finala, Frantziaren aurkako 36 metroko frontoiko parapilotako finala eta Mexikoren aurkako gizonezkoen frontballeko finala; horiez gain, Venezuelaren aurkako emakumezkoen frontballeko hirugarren eta laugarren postuetarako partida.

Jardunaldiko emaitzak

·   Eskuz banaka · FINALA: Ekhi Irribarria / Gaizka Carregal (Euskadi) 0 – Jorge Fernández (Espainia) 2 (0-10, 4-10) · ZILARRA

·   Eskuz binaka · FINALA: Eñaut Lizeaga eta Oier Elorz (Euskadi) 2 – Canabal eta Apeztegia (Espainia) 0 (10-7, 10-9) · URREA

·   Emakumezkoen zesta-punta banaka · FINALA: Helena Barrenetxea (Euskadi) 0 – Mugartegi (Espainia) 2 (11-15, 14-15) · ZILARRA

·   Gizonezkoen zesta-punta banaka · FINALA: Aritz Erkiaga (Euskadi) 2 – Olharan (Frantzia) 0 (15-12, 15-7) · URREA

·   Emakumezkoen gomazko paleta, 30 m · FINALA: Nagore Martín (Euskadi) 0 – Maider Ardanaz (Espainia) 2 (10-15, 13-15) · ZILARRA