Noticias

19jul
LEITZA, 2026ko EHko ESKUZKO HERRIARTEKO TXAPELDUN Deporte

LEITZA, 2026ko EHko ESKUZKO HERRIARTEKO TXAPELDUN

Zumarragako Beloki pilotalekuak itxura ezin hobea izan du gaur 2026ko EHko Eskuzko Herriarteko Txapelketako final handia hartzeko.

Harmailak bete-beteta, Hernanitik eta Leitzatik etorritako zale ugarik giro bikaina sortu dute, eta bi herriek azken partidako azken tantoetara arte emozioz beteriko final ikusgarria eskaini dute.

Hernanik eman du lehen kolpea, kadeteetan 22-15 irabazita. Leitzak, ordea, gazteen partida estu-estuan 20-22 irabaziz erantzun du. Kanporaketa 1-1 berdinduta, dena nagusien hirugarren eta azken partidan erabaki da.

Azkenik, Leitza 19-22 nagusitu da tentsioz eta emozioz beteriko partida gogor baten ondoren, eta 2026ko Euskal Herriko txapeldun izendatu da.

Hernanik lehen puntua kadeteetan: 22-15

Eguna kadeteen partidarekin hasi da. Arsuaga eta Zugasti aritu dira Hernaniren izenean, eta Sagastibeltza eta Ugartemendia, berriz, Leitzaren ordezkari.

A priori partida oso parekatua espero zen, eta leitzarrak izan dira hobeto hasi direnak. Leitzako bikoteak hasieratik hartu du aurrea eta lehen alde esanguratsua irekitzea lortu du, markagailuan 2-7 jarriz.

Hala ere, Hernaniko bikoteak erreakzionatu egin du eta, pixkanaka bere jokoa aurkituz, markagailuari buelta ematea lortu du: 11-9.

Une horretatik aurrera, Arsuagak eta Zugastik partidaren kontrola hartu dute. Txokoan zein zabalean tanto onak eginez, aldea handitzen joan dira. Hernani 15-10 jarri da sakez egindako tanto baten ondoren, eta gero 18-10 ere aurreratu da.

Leitzak, ordea, ez du amore eman. Sagastibeltzak eta Ugartemendiak bost tanto jarraian egin dituzte eta 18-15erahurbiltzea lortu dute, partidari berriro emozioa emanez.

Une erabakigarrian, Hernanik Leitzaren susperraldia gelditzea lortu du. Hernaniarrek azken lau tantoak jarraian egin eta partida 22-15 itxi dute.

KADETEAK:

🔴 HERNANI (Arsuaga - Zugasti) 22
🔵 LEITZA (Sagastibeltza - Ugartemendia) 15

Horrela, Hernanik finaleko lehen puntua eskuratu du eta txapela lortzeko garaipen bakarrera jarri da.

Leitzak Hernaniren sekulako susperraldiari eutsi eta finala berdindu du: 20-22

Bigarren partidak berebiziko garrantzia hartu du. Hernanik irabaziz gero txapeldun izango zen; Leitzak, berriz, derrigorrez irabazi behar zuen txapelaren lehian bizirik jarraitzeko.

Oses eta Alberdi aritu dira Hernaniren aldetik, eta Baleztena eta Zubillaga, Leitzaren izenean.

Leitzarren hasiera ikusgarria izan da. 0-8ko partzialarekin, Baleztenak eta Zubillagak hasieratik hartu dute partidaren agintea, eta Hernani oso egoera zailean jarri dute.

Partidaren zati handi batean, Leitzak alde nabarmena mantendu du, besteak beste, 3-12, 5-13, 9-16 eta 12-17komarkagailuetatik igarota.

Baina Hernanik ez du amore eman.

Osesek protagonismo handia hartu du erasoan eta kalitate handiko hainbat tanto egin ditu. Txokoan egindako geldiketa bikain batek, zabalean egindako bi gantxok eta txokoan utzitako dejada eder batek Hernani markagailuan hurbiltzea ahalbidetu dute.

12-17tik 16-17ra pasa da markagailua, eta partida erabat aldatu da.

Leitzak arnasa hartu eta 17-20 jartzea lortu du, baina Hernanik beste susperraldi bat izan du. Osesen txokoko dejada batek 19-20koa ekarri du, eta zabalean egindako beste tanto bikain batekin 20-20koa iritsi da.

0-8 galtzen hasi ondoren, Hernanik partida erabat berdintzea lortu du.

Beloki pilotalekuak eguneko tentsio handieneko uneetako bat bizi izan du.

Dena erabakitzeke zegoela, Leitzak lasaitasunari eusten jakin du. Osesek eskuinez boleaz egindako huts batek 20-21ekoajarri du, eta Leitzako bikoteak azken tantoa eginez partida 20-22 irabazi du.

GAZTEAK

🔴 HERNANI (Oses - Alberdi) 20
🔵 LEITZA (Baleztena - Zubillaga) 22

Kanporaketa 1-1 berdinduta geratu da.

Bi partida jokatu ondoren, denboraldi osoa, txapelketa guztia eta Euskal Herriko txapela partida bakarrera geratu dira: nagusien neurketara.

Nagusien partida estu eta tentsio handikoak erabaki du txapela

Beloki erabat beteta eta bi herrietako zaleak etengabe animatzen ari zirela hasi da hirugarren eta behin betiko partida.

Hernaniren aldetik Apaolaza eta Lizeaga aritu dira; Leitzaren izenean, berriz, Txoperena eta Goikoetxea.

Partidak jokoan zegoen guztiari erantzun dio: oso lehiatua, parekatua eta tentsio handikoa izan da azken tantoetara arte.

Hernani hobeto hasi da eta 3-0 aurreratu da, baina Leitzak berehala erantzun du. Txoperenak bi pareta eder batekin bere kalitatea erakutsi du, eta Goikoetxeak atzetik egindako lanari esker partida berdintzea eta ondoren aurrea hartzea lortu dute leitzarrek.

Lehen zatian berdintasuna izan da nagusi.

Leitzak alde txikiak irekitzea lortu du eta 6-10 aurreratu da, Hernani berriro erreakzionatzera behartuz.

8-10ekoan, Lizeagak tanto bikaina egin du atzeko koadroetatik, pilota ezker paretara ezin hobeto itsatsiz. Leitzaren erantzuna berehalakoa izan da: lehenik, Txoperenaren eskuineko botibolea ikusgarri batek 8-11koa jarri du; ondoren, Goikoetxeak pilota erreboteraino sartuta beste tanto bikain bat egin du, 8-12koa jarriz.

Hernani, ordea, berriro sartu da partidan.

10-13tik 12-13ra hurbildu da Apaolazak sakez egindako tanto bati esker, eta handik gutxira 13-13ko berdinketa iritsi da.

Finala berriro hutsetik hasi da.

Orduan iritsi da partidako tanto ikusgarrienetako bat. Apaolazak ezkerrez bolea bikaina egin du txokoan, Hernani 14-13 aurretik jartzeko.

Txoperenaren erantzuna berehalakoa izan da: ezker gantxo bikaina zabalean, 14-14koa jartzeko.

Une horretatik aurrera tentsioa erabatekoa izan da: 14-15, 15-15, 16-15 eta 16-16

Leitzak tartea ireki eta Hernaniren azken erreakzioari eutsi dio

Une erabakigarrian, Leitzak partidaren norabidea markatu duen tanto sorta egitea lortu du.

16-16tik 16-17, 16-18, 16-19 eta 16-20ra igaro da markagailua.

Lau tanto jarraian, eta Leitza txapeletik oso gertu.

Baina Hernanik ez du amore eman.

Apaolazak eta Lizeagak partidari eutsi diote eta azken susperraldi ikusgarria egin dute. Lehenik 17-20koa, ondoren 18-20koa, eta azkenik 19-20koa, Apaolazak egindako gantxo bikain batekin.

Zumarragako Beloki pilotalekua lehertu egin da.

Hiru partida jokatu ondoren, bi herrietako zaleak euren taldeekin erabat murgilduta eta markagailua 19-20 zegoela, txapela hiru tanto eskasetan erabakitzear zegoen.

Presio handieneko unean, Leitzak lasaitasunari eusten jakin du.

Leitzarrek 19-21ekoa egin dute, txapela tanto bakarrera jarriz, eta azkenik partida 19-22 itxi dute.

NAGUSIAK
🔴 HERNANI (Apaolaza - Lizeaga) 19
🔵 LEITZA (Txoperena - Goikoetxea) 22

LEITZA, 2026ko EUSKAL HERRIKO TXAPELDUN

Azken tantoarekin batera lehertu da Leitzako pilotarien eta Zumarragara hurbildutako zale ugarien poza.

Hiru partida jokatu ondoren, horietako bi alde oso txikiekin erabakita, eta nagusien azken partidako azken tantoetara arte erabat irekita egon den final batean, Leitza 2026ko EHko Eskuzko Herriarteko Txapelketako txapeldun izendatu da, Hernani 2-1 mendean hartuta.

AZKEN EMAITZA

🏆 HERNANI 1 - 2 LEITZA

KADETEAK
🔴 Hernani (Arsuaga - Zugasti) 22
🔵 Leitza (Sagastibeltza - Ugartemendia) 15

GAZTEAK
🔴 Hernani (Oses - Alberdi) 20
🔵 Leitza (Baleztena - Zubillaga) 22

NAGUSIAK
🔴 Hernani (Apaolaza - Lizeaga) 19
🔵 Leitza (Txoperena - Goikoetxea) 22

Finalak emozioz beteriko jardunaldi bikaina utzi du Beloki pilotalekua lepo beteta zegoela. Hernani eta Leitzako zaleek giro aparta sortu dute goiz osoan zehar, euren pilotariak etengabe animatuz.

Berdintasuna izan da nagusi eta txapela ez da nagusien hirugarren eta behin betiko partidako azken tantoetara arte erabaki.

Leitza 2026ko Euskal Herriko txapeldun izendatu da, azken pilotakadara arte emozioa mantendu duen final ikusgarri baten ondoren.