Noticias

17jul
HERNANI ETA LEITZA, 2026ko EHko ESKUZKO HERRIARTEKO TXAPELKETAKO TXAPELAREN LEHIAN Deporte

HERNANI ETA LEITZA, 2026ko EHko ESKUZKO HERRIARTEKO TXAPELKETAKO TXAPELAREN LEHIAN

Gaur goizean, Zumarragako Udalean, 2026ko EHko Eskuzko Herriarteko Txapelketako Finalaren aurkezpena egin da.

Ekitaldian finalaren xehetasunak aurkeztu dira, eta igande honetan Beloki pilotalekuan jokatuko den hitzordu handiaren garrantzia azpimarratu da.

Finalak Hernani eta Leitza herriak izango ditu aurrez aurre. Bi taldeek maila bikaina erakutsi dute txapelketa osoan zehar, eta igandean Euskal Herriko txapela eskuratzeko lehia estua espero da.

Lehen finalerdian, Hernanik Zeanuri mendean hartu zuen 2-1eko emaitzarekin. Kanporaketa oso orekatua izan zen eta nagusien partidan erabaki zen. Kadeteetan Zeanuri nagusitu zen, gazteetan Hernanik berdinketa lortu zuen eta nagusietan, hasieran atzetik joan arren, Hernaniko bikoteak neurketari buelta eman eta finalerako sailkapena eskuratu zuen.

Bigarren finalerdian, aldiz, Leitzak ez zuen aukerarik eman Legutiori. Nafarroako taldeak hiru partidak irabazi zituen eta 3-0eko emaitza sendoarekin lortu zuen finalerako txartela.

Horrenbestez, igande honetan txapelketako bi talde sendoenek neurtuko dituzte indarrak. Bi herriek kalitate handiko pilotariak dituzte hiru kategorietan, eta final ikusgarria espero da.

Finala uztailaren 19an, igandea, jokatuko da Zumarragako Beloki pilotalekuan11:00etatik aurrera. Lehenik kadeteen partida jokatuko da, ondoren gazteena eta azkenik nagusiena. Txapelduna hiru kategorietako emaitzen arabera erabakiko da.

Gainera, finala ETBen zuzenean eskainiko da, Euskal Herriko pilotazale guztiek hitzorduaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak pilotazale guztiak Zumarragara bertaratzera gonbidatu nahi ditu, giro aparta izango duen eta Herriarteko Txapelketaren maila eta tradizioa berriro erakutsiko dituen final handi honetan parte hartzera.

Galería

agrandar imagenFinzla