Noticias
Deporte
GAMINDE, CARREGAL ETA AZKETA-BERNAOLA, EUSKAL HERRITIK MUNDURA AMPO TXAPELKETAKO ESKUZKO TXAPELDUN
Zumarragako Beloki pilotalekuak emakumezkoen lau eta erdiko, gizonezkoen buruz buruko eta binakako finalak hartu ditu, lehia eta tanto ikusgarriz beteriko jaialdian
Gaur goizean jokatu dira Zumarragako Beloki pilotalekuan Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako eskuzko finalak. Jaialdiak hiru partida eskaini ditu: emakumezkoen lau eta erdikoa, gizonezkoen buruz burukoa eta gizonezkoen binakakoa.
Pilotariek maila handiko ikuskizuna eskaini dute, eta zaleek emozioz, borrokaz eta tanto ikusgarriz beteriko hiru finalez gozatu ahal izan dute.
Enara Gaminde nagusi emakumezkoen lau eta erdiko finalean
Emakumezkoen lau eta erdiko finalean, Enara Gamindek bi jokotan gainditu du Olatz Arrizabalaga, 2-10 eta 3-10eko emaitzekin.
Txapelketako bi faborito nagusiak iritsi dira finalera, baina Gamindek hasieratik hartu du partidaren agintea. Pilotari abiadura handia eman dio eta Arrizabalagak ezin izan dio aurkariak ezarritako erritmoari behar bezala erantzun.
Lehenengo jokoan, Gaminde nagusitasunez aritu da eta 2-10 irabazi du. Bigarrenak ildo beretik jarraitu du: Enarak joko bizia eta eraginkorra mantendu du, eta 3-10eko emaitzarekin itxi du finala.
Horrela, Enara Gamindek Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako emakumezkoen lau eta erdiko txapelaeskuratu du.
Emakumezkoen lau eta erdiko emaitza:
🔴 Olatz Arrizabalaga: 0 — 2, 3
🟢 Enara Gaminde: 2 — 10, 10
Gaizka Carregal, buruz buruko final handi bateko txapeldun
Gizonezkoen buruz buruko finalean, Gaizka Carregalek bi jokotan irabazi dio Ekhi Irribarriari, 8-10 eta 3-10eko partzialekin.
Zumarragako Beloki pilotalekuak buruz buruko ikusgarria hartu du, bi manomanista peto-peto aurrez aurre izan dituen neurketan.
Lehenengo jokoan, Irribarriak bere joko azkarra baliatu du eta sekulako tantoak egin ditu, bereziki bi paretako jokaldien bidez. Carregalek, ordea, pazientzia handiz jokatu du, tanto bakoitza borrokatuz eta jokoa gogortuz.
Lan horri esker, Carregalek seina berdindu du markagailua eta, ondoren, 6-9 aurreratzea lortu du. Irribarriak azken ahalegina egin eta 8-9ra hurbildu da, baina Carregalek txokoan egindako dejada bikain batekin itxi du lehenengo jokoa: 8-10.
Bigarren jokoan, lehenengoaren ahalegina nabaritu zaio Irribarriari. Carregalek bere joko landua eta sendoa baliatu ditu, eta 0-9 aurreratu da. Irribarriak erreakzio txiki bat izan duen arren, ez da nahikoa izan partidari buelta emateko.
Azkenean, Carregalek 3-10 irabazi du bigarren jokoa eta Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako buruz buruko txapela Galdakaora eraman du.
Gizonezkoen buruz buruko emaitza:
🔴 Ekhi Irribarria: 0 — 8, 3
🟢 Gaizka Carregal: 2 — 10, 10
Azketa eta Bernaola, binakako txapeldun final borrokatu baten ondoren
Gizonezkoen binakako finalean, Azketa eta Bernaola nagusitu zaizkie Etxeberria eta Elorzi, 10-4 eta 10-9ko emaitzekin.
Lehenengo jokoa oso borrokatua izan da, baina Azketak aurreko koadroetan duen esperientzia erabakigarria izan da. Oihan Etxeberriak tanto politak egin ditu, baina bikote gorriaren eskarmentuak eta sendotasunak jokoa bere alde bideratzeko balio izan dute. Azketa eta Bernaola 10-4 nagusitu dira lehenengo jokoan.
Bigarren jokoa parekatuagoa eta ikusgarriagoa izan da. Tanto luzeak eta oso landuak ikusi dira, tartean bikote berdeak lortutako 5-6koa, Beloki pilotalekuko zaleak eserlekuetatik altxarazi dituena.
Bi bikoteak parez pare iritsi dira jokoaren azken zatira, eta markagailuak 9-9ko berdinketa estua erakutsi du. Azken tanto ikusgarrian, Azketa eta Bernaola nagusitu dira, bigarren jokoa 10-9 irabaziz.
Horrenbestez, Azketa eta Bernaola Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketako gizonezkoen binakako txapeldun izendatu dira.
Gizonezkoen binakako emaitza:
🔴 Azketa–Bernaola: 2 — 10, 10
🟢 Etxeberria–Elorz: 0 — 4, 9
Zumarragako Beloki pilotalekuak maila handiko hiru final hartu ditu, eta Euskal Pilota Selekzioko pilotariek beste behin erakutsi dute euren lehiakortasuna eta joko-maila. Giro bikainak eta ikusitako tanto ikusgarriek goiz berezia osatu dute Euskal Herritik Mundura AMPO Txapelketaren barruan.