Noticias

25oct
30 METROKO NAZIOEN LIGA – BOSGARREN JARDUNALDIA (ARRATSALDEKO SAIOA, AGUASCALIENTES, MEXIKO) Deporte

30 METROKO NAZIOEN LIGA – BOSGARREN JARDUNALDIA (ARRATSALDEKO SAIOA, AGUASCALIENTES, MEXIKO)

Euskal Pilota Selekzioak lan ona egin du arratsaldeko saioan: garaipena Unaientzat eta Nagore finaletik kanpo.

Mexikoko Aguascalientes hirian jokatzen ari den 30 Metroko Frontoiko Nazioen Ligako bosgarren jardunaldiaren arratsaldeko saioanEuskal Pilota Selekzioak lan txukuna burutu du.

Lehenik, Unai Sagarzazuk garaipena lortu du Costa Ricaren aurka (15–8 eta 15–9), zazpigarren postua eskuratuz Gizonezkoen Gomazko Paletan.

Ondoren, Nagore Martinek Emakumezkoen Gomazko Paletako finalerdia jokatu du Mexikoko Dulce palistaren aurka; 3–15 eta 8–15eko emaitzarekin finaletik kanpo geratu da, baina txapelketa oso ona egiten ari da eta bihar Txileren aurka lehiatuko da brontzezko domina lortzeko.

🟢 Paleta Goma Gizonezkoak – Euskadi vs Costa Rica

Gaurko arratsaldeko lehenbiziko partida Gizonezkoen Gomazko Paletan jokatu da, zazpigarren eta zortzigarren postua zehazteko lehian. Euskadiren ordezkari Unai Sagarzazuk jokatu du berriro ere, eta aurrean izan du Costa Ricako Lopez.

Goizeko norgehiagoka gogorraren ostean (5. – 8. postuak zehazteko kanporaketa), Unai fisikoki justu iritsi da partidura. Arazo muskular batzuk izan ditu, baina txapelketan emaitza onena lortzeko ilusioa arazo horiek baino garrantzitsuagoa zen. 

Lehen seta bikain hasi du Unaik, eta bere egoera fisikoa kontuan hartuta, normalean baino arrisku handiagoa hartu du, baina asmatu baita ere. Oso azkar 10–3 aurreratu da markagailuan, eta 14–5 zegoela aurretik, Lopezek defentsa handia erakutsi du, Unairen akats batzuk aprobetxatuz 3 tanto gehiago egitea lortuz. Hala ere, seta 15–8 emaitzarekin amaitu da Unairen alde.

Atsedenaldiaren ondoren, Unairen arazo fisikoak areagotu dira, eta horrek aukera eman dio Costa Ricako pilotariari, markagailuan 0–4 jartzeko. Egoera ikusita, Edu Lobato hautatzaileak Asier Bustinza bidali du beroketa ariketak egitera. Hala eta guztiz ere, Unaik kemen eta adore handiz berdindu du partida 6na, eta hortik aurrera arriskatu eta tanto ikusgarriak eginez, 15–9 irabazi du bigarren seta.

Horrela, Unai Sagarzazuk zazpigarren postua eskuratu du Gizonezkoen Gomazko Paletan30 Metroko Nazioen Liga honetan. Baina emaitzaren gainetik, garrantzitsuena hurrengo urteko Munduko Txapelketarako sailkapena lortu izana da.

Zorionak, Unai¡ 💪🏽

🟢 Paleta Goma Emakumezkoak – Finalerdia: Euskadi vs Mexiko

Eguneko azken partida  txapelketako unerik garrantzitsuena izan da Euskal Pilota SelekzioarentzatNagore Martinek  Emakumezkoen Gomazko Paletako finalerdia jokatu du, Mexikoko Dulce palistaren aurka. Printzipioz partida oso zaila zen, baina Nagorek txapelketa guztian zehar erakutsi du irabazteko grina eta maila dituela.

Lehen seta maldan gora hasi zaio Nagoreri. Mexikarrari dena atera zaio: atzeko kolpeak, bi paretak, sake zuzenak... eta Nagorek ezin izan dio eutsi erritmoari. 2–7 aurreratu da Dulce, eta set osoan dinamika bera mantendu da: mexikarra oso fin, dena oso ondo eginez, eta Nagore defentsan lanean. Horrela, lehen seta 3–15 emaitzarekin amaitu da, mexikarraren alde.

Bigarren seta  antzera joan da hasieran, baina 0–4ean agertu da ezagutzen dugun Nagore borrokalaria. Estrategia aldatu du eta sake-errematea erabiltzen hasi da, 7–0eko partziala eginez eta 7–4 aurretik jarriz. Mota guztietako kolpeak erakutsi ditu, baina batez ere bi pareta bikain erabiliz zabaldu du aldea.
Bazirudien partidaren norabidea aldatzen ari zela, baina berriro ere Dulcek azeleragailua zapaldu eta 9 tanto jarraian lortu ditu, 7–13 aurretik jarriz. Nagorek beste tanto bat egin du, baina azkenean 8–15 irabazi du mexikarrak bigarren seta eta, beraz, partida.

Mexikarra nagusi izan da gaurko finalerdian, baina Nagoreren txapelketa goraipatu behar da: ze nolako pilotaria¡ Kantxan dena ematen duen jokalaria da, eta ziur gaude hurrengo urteko Munduko Txapelketan borroka handia ematen jarraituko duela.

Bihar eguerdian jokatuko du Txileren aurka hirugarren eta laugarren postua, brontzearen bila.

Aupa Nagore¡ 💪🏽