Noticias

3jun
EUSKAL PILOTA SELEKZIOAREN ESTREINALDI ETA GARAIPEN HISTORIKOAK GERNIKAN Deporte

EUSKAL PILOTA SELEKZIOAREN ESTREINALDI ETA GARAIPEN HISTORIKOAK GERNIKAN

Euskal Selekzioak garaipen bikoitza lortu du Gernika-Lumon (Bizkaia) jokatutako Zesta-puntako Nazioen Ligako lehen jardunaldian, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa berrian.

Emakumezkoen taldeak, Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea puntistekin, Frantziako selekzioaren aurka 15-3 eta 15-2 irabazi zuen. Gizonetan, Aritz Erkiaga eta Imanol Lopezek 15-6 eta 15-11 nagusitu ziren, baita ere Frantziaren aurka.

Baina garaipenetik harago, une historikoa bizi izan du euskal pilotak: lehen aldiz, Euskal Pilota Selekzioak eskubide osoko partaide gisa parte hartu du FIPV (Federación Internacional de Pelota Vasca) antolatutako nazioarteko txapelketa ofizial batean. Azken hamarkadetako ametsa egi bihurtu da, eta selekzioaren nazioarteko aitortza errealitate bihurtzen hasi da.

Txapelketa honetako finalak ostiral honetan jokatuko dira, gaueko 21:00etatik aurrera, Gernikako Jai Alai frontoian, eta ETBren bidez zuzenean jarraitu ahal izango dira.