Noticias

EAE-KO BAIMENEI ETA EAEtik KANPOKO LEHIAKETETAN PARTE HARTZEARI BURUZKO EEPF-REN ARAUDI BERRIA
Atzo, 2025eko apirilaren 8an, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren Ohiko Batzar Orokorrean, aho batez onartu zen araudi berria:
“EAEko ofizialak ez diren txapelketak eta jaialdiak izapidetzeko eta EAEtik kanpo ofizialak edo ofizialak ez diren ekitaldietan parte hartzeko araudia”
Araudi hau funtsezkoa da gure klubentzat eta pilotarientzat, eta bi atal nagusitan banatzen da:
1. EAEko ofizialak ez diren txapelketak eta jaialdiak baimentzea
2020ko abendutik aplikatzen den protokoloa eguneratu dugu. 2024ko urrira arte eskuz egiten zen izapide hau, baina 2024ko azarotik aurrera telematikoki egin beharko da, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren intranetaren bidez.
Helburu nagusiak:
-
Antolatzaileentzat: Ekitaldiak antolatzeko beharrezko aseguruak dituztela bermatzea.
-
Klubentzat: Parte hartzen duten pilotarien jarduera ezagutzea eta baimentzea, segurtasuna eta trazabilitatea bermatuz.
Gainera, prozedura hau betetzea ezinbestekoa da Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren federazio lizentziaren istripu-aseguruaren estaldura izateko.
2. EAEtik kanpo ekitaldi ofizialetan edo ez ofizialetan parte hartzea
Klub batek edo klubeko pelotari batek EAEtik kanpo ekitaldi batean parte hartu nahi badu, baimen ofiziala eskatu behar du Euskadiko Euskal Pilota Federazioari, istripu-aseguruaren estaldura bermatzeko.
Eskaera hau telematikoa izango da, eta lurralde federazioetako intranetetik egingo da (Araba, Bizkaia edo Gipuzkoa), ohiko kudeaketa tresna erabiliz. Zerbitzua datorren astean aktibatuko da.
Gogorarazten dugu:
-
Baimenik gabe parte hartzeak federazio lizentziak dakarren istripu aseguruaren estaldura galtzea suposatuko du.
-
Eta gainera, beharrezko baimenik gabe EAEtik kanpoko ofizialak diren lehiaketetan parte hartzen duten pilotariak ez dira hautagarri izango Euskal Herriko Pilota Selekziorako, salbuespen kasuak izan ezik.
Oinarri juridikoa
Araudi honek oinarri juridiko argia du, Espainiako Pilota Federazioaren estatutuek (BOE, 2024/09/17) ezartzen dutenez:
-
16. artikulua: Autonomia-erkidegoko federazio batek FEPeko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, FEPen integratuta egon behar du.
-
20. artikulua: FEPeko txapelketetan parte hartzeko, baliozko lizentzia federatibo bat behar da, FEPen integratutako federazio baten bidez eskuratua.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioak, 2000ko ekainaren 27ko Batzar Orokor Berezian, FEPetik ateratzea erabaki zuen (59 boto alde, 3 kontra eta 1 boto zuri), eta ordutik ez dago federazio horretan integratuta.
Horrek esan nahi du gure klubek eta pilotariek FEPeko lehiaketa ofizialetan parte hartzea modu irregularrean egiten dutela. EEPFk ezin du zuzeneko zigorrik ezarri beste federazio bateko lehiaketetan parte hartzeari dagokionez, baina bai ondorioak ezarri bere araudian, hala nola hautagarritasuna galdu Euskal Selekziorako.