Noticias

13ene
ZUREGATIK KEPA! Deporte

ZUREGATIK KEPA!

Gotzon Embil Unanue presidentearen agur mezua.

Ezinezkoa irudituko litzaidake orain 8 urte, Euskadiko Euskal Pilota Federazioan sartu ginenean, gaur egun, egoera honetan egongo zela esango bazidaten. 2016a zen, Kepa Arroitajauregik Zumaian bilera baterako deitu zidanean. Euskadiko pilota federazioko hauteskundeak zatozten, eta talde bat osatzeko proposamena egin zidan. Kepa ezagutzen nuen, eta banekien berak mundu hau ondo kontrolatzen zuela, beraz, Kepa taldean zegoen bitartean ni ere gehituko nintzala esan nion, eta gure taldea eratu genuen.

Hauteskundeak 2017ko urtarrilaren 13an izan ziren eta irabazi ondoren lanean hasi ginen. Sartu bezain laster konturatu ginen federazioaren egoera oso larria zela eta neurriak hartzen ez bagenituen, federazioak desagertzeko arriskua zuela.

Berehala Eusko Jaurlaritzari egoeraren berri eman genion eta kontu-hartzaile bat jarri zuten, federazioaren zorrak negoziatu eta erdira jaistea lortu arte. Hala ere, 150.000 euroko kreditu bat atera behar izan genuen eta 6 urte igaro genituen zor hori ordaintzen, hori dela eta, gastuak murrizteko neurriak hartu behar izan genituen, besteak beste, txapelketen formatuak aldatu, federazioko langileak murriztu... oso urte gogorrak izan ziren. Zorrari aurre egiteaz gain, egoeraren berri jakin zenean, komunikabideetan beste hautagaiaren erasoak jasan behar izan genituen eta ospatzen genituen asanbleetan oposizio handia izaten zen. 

Gogorra da horrela esatea, bainan nire ustez horrelako jarrerak izan dituzten pertsonek debekatuta izan beharko lukete pilota munduko edozein elkarte, plataforma edo erakundeetako sarrera. Niri behitzat min handia egiten dit, orain 8 urte federazioa egoera larrian utzi eta bost axola izan zaion, edo damurik erakutsi ez duen pertsona bat, pankarta baten atzean telebistan agertzen denean ofizialtasuna lortu dela ospatzen. Hori lortu ahal izateko, lagundu beharrean oztopoak baino jarri ez dituenean. Gainera pertsona hauek, elkarte horien zilegitasuna bermatzen dutela iruditzen zait.

Genuen egoerari buelta eman eta elkarlana sustatzeko asmoz, elkarte eta lurraldeetako federazioekin hitz egin eta lortutako akordio batzuren ostean pixkanaka egoera hau hobetzen joan zen, eta gaur egun Euskadiko Euskal Pilota Federazioa osatzen dugun elkarte eta lurraldeetako federazioen arteko giroa oso ona dela esan dezaket. Gainera, zorra ordaintzen egon ginen urte guzti horietan, lehendik zeuden txapelketa guztiak mantendu eta beste berri batzuk ere sortu ahal izan genituen, emakumezkoen txapelketak, Joko zuzenak…

Baina egoera hobetzen ari zenean, legealdiko kolperik gogorrena jaso genuen eta gure taldearen "artifizea" izan zen Kepa Arroitajauregi gabe gelditu ginen. Denok pertsonalki jota uzteaz gain, federazioaren mundua hobekien ezagutzen zuen pertsonarik gabe gelditu ginen. Umezurtz geratu ginen, bainan junta kide guztien elkarlanarekin, eta batez ere hau dena koordinatzen duen kirol zuzendariaren lanarekin aurrera jarraitu ahal izan genuen. Benetan eta publikoki eskerrak ematen dizkiot Aitor Erauzkin gure kirol zuzendariari, urte hauetan egindako lan guztiagatik. Oso erraza izan da zure ondoan lan egitea, eta izugarria iruditu zait arlo guztiak kudeatzeko izan duzun gaitasuna. Ez nituzke ahaztu nahi ere, hainbeste urtean lanean egon diren Pedro Uriarte eta Itziar Basabe ere. Elkarte asko izan dira, behar izan dutenean ematen zaien atentzioa eskertu dutenak eta hori zuen lana izan da. Mila esker hiruroi¡¡¡

Lehen legealdia amaitu zenean, beste hautagaitzarik ez zegoela ikusita eta Kepak ala nahi izango zuela jakinik, taldeko gehienak jarraitzea erabaki genuen. Egia esan bigarren legealdi hau bestea baino eramangarriagoa izan da. Urtero federazioko kontuak onak ziren eta behin zorra murrizten zihoala ikusita, gauza gehiago egiteko aukerak zabaldu zitzaizkigun. 

Besteak beste, elkarteei eskuzko entrenamenduak eta klubeko kudeaketa erraztea helburu zuen aplikazio bat martxan jarri genuen. Nafarroa eta Iparraldeko federazioekin elkarlanean egindako proiektu bat izan zen eta edozein elkartek erabilgarri dauka, naiz eta gure asmoa ezarpen orokor bat egitea den.

Federazioak zuen ranking sistema hobetu eta beste modalitate batzuetara zabaldu genuen, eta ranking hauen arabera, pilotariek ELITE txapelketak jokatzeko aukerak lortzen dituzte. ELITEko txapelketa hauek antolatu ahal izateko ezinbestekoa dira udaletxeen babesa, eta eskerrak eman nahiko nizkieke Zumarraga, Areta, Mallabia, Gasteiz, Abadiño eta Mutrikuko udalei, txapelketa hauek antolatzeko eman diguten babes eta erraztasun guztiengatik. 

Gainera, zestako enpresekin akordioak lortu genituen, eta elite txapelketa irabazten zuten bikoteak profesionalekin jokatzeko aukera izaten dute. Intentzioa, beste modalitateko enpresekin ere horrelako akordioak lortzea da, bainan oraingoz ezin izan da. 

VOLO elkartearekin elkarlanean, bere garaian XISTERAk martxan jarri zuen proiektua ere burutu dugu, eta molde baten bitartez hastapenerako zestak sortu ditugu Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Gaur egun ikastetxe batzuk hasi dira zesta punta eskola kirolean sartzen eta honek herri horietako elkarteetan eragina izan du, jokatzen hasi diren ume kopurua handituz.

Munduko Pilota Batzarrarekin elkarlanean eta Euskal Selekzioari ikusgarritasuna emateko asmoarekin, Euskal Ligan sariak jarri genituen. Horrela, txapelketa hau irabazten duten pilotariek beste herrialde batzuetara joateko aukera daukate, hango pilotarien aurka lehiatzera.

Aipatzekoa da ere, joko zuzenetan urte gutxian gure pilotariek hartu duten maila. 2023an bigarren aldiz hartu genuen parte Munduko txapelketa batean, eta izugarrizko emaitzak lortu genituen. Nesketan txapeldun eta mutiletan azpitxapeldun izateaz gain, bai mutiletan eta bai nesketan, pilotari onenen saria Euskal Pilotarientzat izan ziren. Aipamen berezia egin nahiko nioke Joxe Mari Mitxelenari, modalitate hauek ezagutzera eman eta gure pilotarriak formatzen egin duen lan guztiagatik. 

Hau dena gutxi ez eta legealdia bukatzear dagoela, euskal gizartea hamarkadetan zehar aldarrikatzen egon den OFIZIALTASUNA heldu da. Duela bi urte onartu zen kirol lege berria eta honek FIPVean bazkide izateko aukera ahalbidetu zigun. Geroztik, etengabe egon gara lanean eta azkenengo ahalegin honetan lortu ahal izan dugu FIPVko bazkide bezala onartuak izatea. Esan beharra daukat  azken bi urte hauek gogorrak izan direla, bilerak, deiak, elkarrizketak... eta gauza asko diskrezioan mantendu behar izana, prozesu honen kontra zeuden federazioen ekintzak ekiditeko. Baina azkenean lortu da eta pena merezi izan du. Helburu hau lortzeko jende askok egin du lan eta hemendik pertsona horiek denak eskertu nahiko nituzke. Baina bereziki nire alboan lanean eta babesa ematen egon diren Fernando Azkarate (MPBko presidentea) eta Enaitz Olaeta (Bizkaiko Eusko Pilota Federazioko  presidentea) aipatu nahi ditut. MPBarekin izan dugun elkarlana ezinbestekoa izan da gauden puntura iristeko, eta Enaitz izan da prozesu honetan, beste herrialdeetara joan eta hango federazioekin hitzegiteko ardura hartu duen ordezkaria. Egoera honek aro berri bat irekitzen du Euskadiko Euskal Pilota Federazioan eta ez bakarrik gure selekzioarekin lehiatzeko aukera izango dugulako, baita ere Espainiako Pilota Federazioarekin harremanak hobetu eta egutegiak adosteaz gain, elkarrekin txapelketak antolatzeko elkarlana ere zabaldu daitekeelako. Ziur nago, bi federazioetako zuzendaritza berriek aukera hau aprobetxatuko dutela eta iraganean izandako istiluak ahazteko gai izango direla. 

Besterik gabe, eskerrak eman pilota elkarteetan egunero pilotaren alde eta bolondres lanetan ari diren eta egon diren pertsona guztiei. Zuek gabe oso zaila izango lukete gazteek kirol hau praktikatzea. Berdin Lurraldeetako Federazioetako langileei, eta zuen ordezkariek Euskadiko Euskal Pilota Federazioan eman diguten laguntzarengatik. Mila esker Itziar Lete, Andoni Lertxundi, Enaitz Olaetari eta Imanol Arreseri. 

Eskerrik asko baita ere gure zuzendaritzaren parte izan zareten guztioi. Bakoitzak bere ardurak izan ditu eta denon artean, kirol zuzendariaren laguntzarekin lan ona egin dugu. Ziur nago Kepa bultzaka aritu zaigula 5 urte hauetan, eta dagoen tokian dagoela,  pozik eta arro egongo dela federazioaren egoera ikusita.

ESKERRIK ASKO DENOI ETA FRONTOIETAN IKUSIKO GARA¡ 

 

Gotzon Embil Unaue.

 

 

 

 

Galería

agrandar imagen
agrandar imagen
agrandar imagen
agrandar imagen
agrandar imagen
agrandar imagen